Mohammed Morsiren kontrako estatu kolpearen ondorengo gobernuak konstituzioaren proiektua bozkatzera deitu ditu gaur egiptoarrak. Militarren babesaz heldu ziren agintera uztailean, eta erreferendum honen bidez, ezarritako erregimenaren behin betiko ezarpena dago jokoan.
Erreferendumak parte-hartze zabala izango balu eta baiezkoa nagusituko balitz, uztaileko estatu kolpearen osteko gertaerei zilegitasuna aitortzea litzateke eta Morsiren jarraitzaileen argudio islamistak gutxietsiko lituzke.
Presidente ohiaren alderdiak, Anaia Musulmanek, erreferenduma boikotatzeko deialdia egin dute. Bien bitartean, Morsik hiru epaiketa bereizturi eta horien ondorioz hel litekeen heriotza zigorrari egin beharko die aurre.
Manifestazioetako deia egingo dutela azaldu dute halaber Anaia Musulmanek eta proiektuak “odolezko konstituzioa” ekarriko duela gaineratu. Gobernuak berriz, erreferenduma oztopatzen saiatzen den ororekin gogor jokatuko duela iragarri du.
Bezperetan, gerrara doan herrialdearen antza zuen Egiptok, gobernu demokratiko baterako trantsizioa prestatzen ari denarena baino gehiago. Gobernuak eta hedabide militar zaleek nazioaren segurtasuna eta egonkortasuna bermatuko duen giltza dela diote.
Erreferendum hau seigarren bozka izango da 2011n herri altxatuak Hosni Mubarak agintetik kanporatu zuenetik.