argia.eus
INPRIMATU
‘Errebeldiaren mapa’ aldarrikatuko du Errekaleorrek bostgarren urteurrenean
  • 5 urtez errebeldiaren mapan lemapean bostgarren urteurrena ospatuko dute errekaleortarrek irailaren 28an eta 29an. Astebete beranduago, urteurren bateratua: OkupaTU Gasteiz.

Hala Bedi @halabedi 2018ko irailaren 17a
Bi egunetako egitaraua (Argazkia: Hala Bedi)

2013. urtean, EHUko Gasteizko kanpusean ikasten zuten ikasle gutxi batzuk asanbladan biltzen hasi ziren, ordaindu behar zituzten alokairu garestiei aurre egiteko asmoz. Orduan sortu zen ideia, abiapuntua: urte luzez abandonu egoeran izandako Errekaleor auzoko etxebizitza huts bat berreskuratzea, 26. blokea, hain zuzen ere.

Urteurren hori, orain dela aste gutxi izan da, iraila hasieran. Geroztik, auzoko jaiak maiatzean ospatzeaz gain urteurrena ospatzen dute iraila amaieran, ikasturte hasierarekin batera. Orain, errekaleortarrek bostgarren urteurreneko egitaraua aurkeztu dute, irailaren 28tik 29ra luzatuko dena.

Ostiralean Jaialdi Orteroa ospatuko dute. Gauean auzoko MJ-ak egongo dira eta mozorrotuta joateko deia luzatu dute. larunbatean, berriz, egun osoko egitaraua: haurren txokoa, Komando Klitorix, Liher, herri bazkaria…

Larunbateko pintxo txapelketan izena emateko baldintzak errekaleortailerra@gmail.com-era email bat bidalita azalduko dituzte.

Urteurrena amaitu bezain laster, beste zita garrantzitsu bat izango dute hurrengoa steburuan. Izan ere, urriaren 6an OkupaTU Gasteiz eguna ospatuko dute Hala Bedik, Gasteizko Gaztetxeak, Auzolana Pilotalekuak eta Errekaleorrek. Egun osoko egitaraua aurkeztu dute, erdialdeko gune ezberdinetan banatuta egongo dena: Zea Mays, bazkaria, umeentzako txokoa, jolas okupak, azoka…

Albiste hau Hala Bedi-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.