argia.eus
INPRIMATU
Errebalidak eteteko lege proposamena onartu du Espainiako Kongresuak
  • LOMCEren errebalidak bertan behera uzteko lege proposamena aurkeztu du PSOEk. Eta oposizioaren botoei esker, legearen ezartze egutegia geldiarazteko bideari ekin dio Espainiako Kongresuak.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 16a
IƱigo Mendez de Vigo eta Juan Ignacio Zodio ministroak Diputatuen Kongresuaren plenoan. (Arg: EFE)

Proposamenak Ciudadanos, Podemos eta gainerako alderdi guztien babesa izan du, PPrena izan ezik. Legea eteteak diru galera handia ekarriko lukeela argudiatu du PPk. Duela hilabete batzuk, Ciudadanosek eta PSOEk hitzarmena sinatu zuten, eta bertan zehaztu zuten LOMCE geldiarazi nahi dutela.

Aldeko 208 bozka izan ditu proposamenak, eta kontrako 133. Hortaz, errebalidak eteteko bideari ekin dio Espainiako Kongresuak. Dena den, lehen bozketa baino ez da izan. Senatura joango da ondoren, eta bueltan Kongresura gero.

Errebalidak “behin betiko ezabatu” nahi dituztela adierazi du Antonio Hernando PSOEko bozeramaileak. Horrez gain, hezkuntzarako lege proiektu bat egiteko ere eskatu dio PSOEk gobernuari, baina “elkarrizketa eta negoziazio prozesu baten ondoren”. Mariano Rajoyk berak “itun nazionala” iragarri zuen hezkuntzan, inbestidura saioan.  

Errebalidaren nondik norakoak azaltzen dituen dekretu zirriborroa argitaratu zuen Espainiako Hezkuntza Ministerioak azaroaren 8an. Eta horren inguruan eztabaidatzeko bilduko dira azaroaren 24an autonomia erkidegoetako eta Ministerioko arduradunak.