argia.eus
INPRIMATU
Errebalidak baztertzeko bidea adostu dute Espainiak eta erkidegoek
  • Espainiako Gobernuak errebalidak deuseztatzeko lege dekretu bat prestatuko du, LOMCE desegiteko atea irekiz.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 29a
Espainiako Hezkuntza Ministerioak eta erkidegoek bilera egin dute azaroaren 28an (Arg: Ballesteros / Efe)

Espainiako Hezkuntza Ministerioak eta erkidegoek bilera egin dute azaroaren 28an, eta errebalidak bertan behera uztea erabaki dute. Azterketa horiek deuseztatzeko lege dekretu bat prestatuko du gobernuak, Jose Ignacio Wert ministroaren proposamena alde batera utziz.  

Batxilergoko ikasleek selektibitatearen antzekoa den proba bat egin beharko dute, unibertsitatera joan nahi izanez gero. Azterketa horrek unibertsitaterako sarbideko notaren %40 balioko du, eta bigarren mailako ikasgaien inguruan galdetuko zaie bertan.

DBHn ere proba bat egingo da, baina ez da Batxilergorako sarbidea izango. Ikasleen artean lagin bat hartuko dute, eta horiek izango dira azterketa egingo duten bakarrak. Ikasleek titulua jasoko dute proba egin ala ez, eta proba gainditu ala ez.

Lehen Hezkuntzari dagokionez, bi proba zehaztu dira: hirugarren mailakoa eta seigarren mailakoa. Ez diote espedienteari eragingo, eta horiek egiteko ere lagin bat hartuko dute ikasleen artean.

Horrez gain, azpibatzorde bat martxan jartzeko proposamena aurkeztu dute PPk, PSOEk eta Ciudadanosek. Abenduaren 1ean eratuko dute, hezkuntza “itun nazionala” lortzeko helburuarekin. LOMCE ordezkatuko duen lege berrirako adostasuna lortzea izango da talde horren egitekoa.

Euskal Herrian

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak selektibitatearen antzeko proba egin nahi zuten Batxilergoan, eta Madrilen onartutakoaren arabera, egin ahal izango dute. DBHn ere ez zuten errebalidarik egin nahi, eta azterketa egin ala ez aukeratu dezakete orain. Lehen Hezkuntzako probei dagokienez, Nafarroako Gobernuak egin izan zituen iaz. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, eskolen esku utzi du erabakia.