“El absentismo laboral es, en la actualidad, una de las principales lacras que tienen que soportar las empresas en nuestro país”. Patronalaren hitzak dira, enpresetan absentismoa kudeatzeko gida batetik ateratakoak. Ez dute ezer esan azken egunetan eztabaidagai nagusietakoa izan den lan eskubide berria dela eta. Esanguratsua da, oso.
Agian gaia aztertzeko denbora behar dute. Edo izan liteke lege hau guztien begietara oztopatzeko beharrik ez izatea, badakitelako euren esku dagoela aitortza formalak lan munduan eskubide erreal bilakatzea. Ahalmen hori ematen die lan legeriak eta gobernuen baldintzarik gabeko babes politikoak. Izan zuten aukera hori aldatzeko, mugatzeko sikiera, baina ez zuten horrelakorik egin lan erreformaren erreforman.
Sexuaren araberako lan banaketak, etxean egiten diren zaintzei lan izaera ukatzea, merkatuan egiten direnei benetako balioa ez aitortzea; edota lan osasunerako eskubidea lanbide feminizatuen eta emakumeen arabera aztertzeko aukerarik ez ematea… egiturazko arauak dira. Idatzi gabeko arau errealak, kapitala ez dagoelako prest hau guztia aldatzeak emakumeei ekarriko liekeen eskubide ekonomiko eta laboralen kostua onartzeko.
Irene Montero Espainiako Gobernuko ministroak esan zuen bukatu dela “hilekoaren minez arrastaka lanera joatea”. Zaila egiten zait pentsatzea bizkarreko minez okerturik lanera doan zaintzaileak, edota lanbidearen ondoriozko eskumuturreko gaitzak eragiten dizkion minak baretzeko pilulaz gainezka lanera doan garbitzaileak, horrela izango dela sinetsiko duenik.