argia.eus
INPRIMATU
Erreakzioak Torra presidentearen inhabilitazioari
Katalunian eskandaluzkoa dena, Espainian txalogarria
  • Kataluniako presidentea kargugabetu duen epaia ezagutzearekin batera, arduradun politiko ugarik adierazpenak egin dituzte hedabideetan edo sare sozialen bitartez.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 28a

Hona erreakzio eta adierazpen esanguratsuenetako batzuk:

Erbestetik, Carles Puigdemont presidente ohia: “Koroatik epaileetara, Estatu ustel batek jarraitzen du erabakitzen katalanen izenean. Beste behin, Espainiak esku hartu du gure instituzio demokratikoetan. Kargugabetzez kargugabetze, errepublikara arte”.

ERCko presidente espetxeratu Oriol Junqueras: “Gorenaren eta Espainiako Estatuaren beste eraso bat demokraziaren eta Kataluniako instituzioen aurka. Independentismoaren kontrako errepresioak ez du etenik. Amnistia, autodeterminazioa eta Kataluniako Errepublika”.

Parlamentuko presidente Roger Torrent: “Sistema demokratiko bati ez dagokio Generalitateko presidentea kargugabetzea adierazpen askatasunerako eskubidea erabiltzeagatik. Errepresioak ez du deuseztatuko herri honen gehiengoaren nahi”.

CUPeko parlamentuko bozeramaile Carles Riera: “Epaile promozio berriak erregearen eta Espainiaren batasunaren aldeko harengekin doktrinatzen dituen botere judizialak Quim Torra presidentea kargugabetu du adierazpen askatasunaz baliatzeagatik. Eskubide zibil eta politikoak inhabilitatzen dituen kolpismo judiziala. Orain mobilizazioa da erantzuna”. Ezker independentistaren barnean, Kataluniako CDRek mobilizazioara deitu eta adierazi dute: “Eza gara besoak uztarturik geldituko 78koerregimenak independentismoa suntsitzen saiatzen den bitartean”. Intersindical sindikatuak “erantzun kolektibo masiboa” aldarrikatu du, kargugabetze “antidemokratiko eta onarteinaren” aurrrean.

EAEko lehendakari Iñigo Urkullu: "Hala espero zen arren, erabaki horrek ez du bat ere laguntzen garrantzi handiko erakunde- eta politika-mailako auzi bati irtenbidea ematen. Gainera, sentsibilitate sanitario, emozional, ekonomiko eta sozial berezi baten testuinguruan gertatu da".

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi: “Gaur inoiz baino gehiago, endavant Catalunya! Errepresioaren aurrean, demokrazia gehiago. Nire elkartasuna Torra presidentearekiko. Herriak aukeratu zuen eta soilik herriari dagokio epaitzea”.

PSOE: “Garai berri bat Kataluniarentzat”

PSOEtik Cristina Narbona presidenteak hitz egin du asteroko zuzendaritzaren bilearen ostean: “Gure iritzia garbia da, inhabilitazio honek garai berri bat ireki du Kataluniarentzat. Ahalik eta lasterren egin behar da hauteskunde autonomikoen deialdia, katalanek azken hilabeteetan alderdi independentistek eragindako blokeo egoera gainditu ahal izateko. Torra ezin da epaiarekin harritu, berak jo zuen bere burua errudun desobedientziagatik”.

Albistea idazteko unean, Espainiako Gobernuko kide bakar batek ere ez du epaiaren inguruko adierazpen publikorik egin. Moncloatik adierazi dute epaileen erabakiak errespetatu egiten dituztela.

PP, Vox eta Ciudadanos alderdiek, poza adierazi ez ezik, inhabilitazioa ekarri duen prozedura judiziala abiatzearen protagonismoagatik leihatu dira. “Torraren kargugabetzea posible egin duena Ppk hauteskunde batzorde zentralean aurkeztutako salaketa izan da”, esan du Pablo Casadok. “beste behin Voxek bere eraginkortasuna frogatzen du, Kongresuan, kalean eta, kasu honetan, epaitegietan”, idatzi du Voxek Twitterren. “Espazio publikoak guztionak dira, eta agintari politiko batek ezin ditu legeak hautsi propaganda separatistaz betetzeko. Horregatik, Ciudadanosetik Torra salatu genuen, eta gaur inhailitatu duen kausari haisera emanez”, adierazi du Ines Arrimadasek.