2013 urtean erraustegiaren proiektua geldiarazi izanagatik, apirilaren 12an epaituko dituzte Madrilen Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta, egungo Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa Kontsorzioak jarritako salaketa judizialaren ondorioz.
Besteak beste, erraustegia egiteko kontratuak eten izanak sorturiko kalte-ordainen arduradun egin eta bizitza osorako ekonomikoki ito nahi dituzte, 40 milioi euro baino gehiago ordaintzera behartuz.
Botere ekonomikoari aurre egiteagatik eta zentzuzkoa den hondakin politika bat aurrera eramateagatik zigortu nahi dituzte biak ala biak.
Horregatik, gure herrikideari elkartasuna erakusteko eta epaiketa guzti honen atzean dagoena salatzeko herrian zerbait egitea beharrezkoa ikusi dugu Elkar-ekin taldean.
Gaian interesa duten Azpeitiko talde eta norbanako guztiak gonbidatu nahi ditugu datorren martxoaren 7an, asteazkenez, 19:00etan Sindikatu Zaharrean egingo dugun bilkuran parte hartzera. Egoera honen aurrean zer egin dezakegun aztertuko dugu denon artean.
Informazio hau Elkar-ekinek argitaratu du Uztarrian eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.