Le Petit Théâtre de Painek, Artedramak eta Dejabuk elkarlanean sortutako Errautsak antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki Saria. Ainara Gurrutxaga, Ander Lipus, Manex Fuchs, Miren Gaztañaga, Urko Redondo eta Ximun Fuchs dira aktoreak. Antzezlanean, lagun talde bateko zazpigarren kidea hil egin da, eta haren gorpua barnean duen kutxa ikus daiteke oholtzaren erdian. Bere lagunak, berria jaso eta gutxira, traje zurrunez jantzita joango zaizkio, begiak beltzez kristaldurik. Belaunaldi bereko sei lagunek azken agurra emango diote, oholtzako airea apurka eta kantatik kantara beteko duen festa gorabeheratsuaz. Azkenean ez dugu jakingo hildako lagunari buruz mintzo diren, edo haien gaztetako ametsen, ideien eta oroitzapenen errautsez. Hilaren 27an –Antzerkiaren Nazioarteko Egunean– jasoko dute saria Victoria Eugenia antzokian.
Irakurri errautsak obrari buruz Oier Guillanek ARGIAn idatzitako artikulua: Belaunaldi baten errautsak.