argia.eus
INPRIMATU
Erraustegiek bularreko minbizietan izan dezaketen eragina salatzeko sirenak pizteko deia Usurbilen
  • Apirila hasieraz geroztik egiten ari diren deialdia aurrerantzean igandeetara mugatuko dutela berri eman dute. Honenbestez, igande eguerdiko 12:00etan, erraustegiagatik ere osasun larrialdi egoeran garela salatzeko sirena hotsak pizteko gonbita luzatzen diete herritarrei.

Usurbilgo Noaua @noaua 2020ko maiatzaren 03a

AEB-tan 25 urtez, osasun munduko 112.000 emakume langile baino gehiagori buruz unibertsitate eta osasun erakunde prestigiotsu hainbatek eginiko azterlanaren ondorioek agerian utzi dutena salatzeko, sirena hotsak piztera deitu dute igande eguerdi honetan (maiatzak 3) 12:00etan. GuraSOSek ezagutzera emandako ikerlan honen arabera, zenbait kasutan, hiri hondakinen erraustegietatik 5 kilometrora bizi diren emakumeen artean bularreko minbizien kasu kopurua %52raino igo daitekeela ohartarazten du, bataz bestekoa %25ekoa dela, %15etik %28rainokoa 10 kilometrotara bizi direnen artean.

Errealitate hau gure artera, EAE mailara ekartzeko ahalegina egin du GuraSOSek. Espainiako Estatistika Institutuaren 2019ko datuak aintzakotzat hartuta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ditugun bi erraustegietan, Zabalgarbikoaren eta Zubietakoaren eragin eremuetan ia 600.000 emakume bizi dira, eta oro har, EAE-ko biztanleriaren %51.

Ikerlan honetako emaitzak agerian utzi duten egoera salatzeko, alegia, erraustegiek bularreko minbizien areagotzean eragin dezaketela salatzeko alarma hotsak piztera deitu dute igande eguerdi honetan, maiatzaren 3an, 12:00etan. Erraustegiagatik ere osasun larrialdi egoeran garela salatzeko.

Erraustegietatik gertuko biztanlerian, bularreko minbizi kasuen gorakadaz ohartarazi du GuraSOSek