Europako Legebiltzarrean Eskualdeen Garapenerako batzordeak bozkatu du moztea Europar Batasunaren diru-laguntzak hondakinentzako zabortegi eta erraustegiei 2020tik aurrera. Parlamentariek argudiatu dutenez, honek baimenduko du diru gehiago erabili ahal izatea hondakinen prebentzio, berrerabiltze eta birziklatzeari laguntzeko, Europak 2035rako ekonomia zirkularra lortzeko ipinitako helburuak lortzeari begira.
ZWE Zero Waste Europe aliantzak zabaldu du albistea. Erakundearen Garapen eta Politika koordinatzailea den Janek Vahk honela mintzatu da erabakiaz: "Aurrerapauso nabarmena da baliabideen erabilera eraginkorrago baten aldera; honek diruak aurrezten lagunduko die enpresei, agintari publikoei eta kontsumitzaileei, aldi berean lanpostuak ugarituz eta negutegi gasen isurketak murriztuz".
Hala ere, ZWEk bere kezka agertu du erabakiak salbuesten dituelako Europako periferietan zaborrak erretzen dituzten zenbait plantarentzako diru-laguntzak, salbuespena garesti atera dakiekeelako eskualde horietan lehendik ahulduta dauden ekonomiei eta beren birziklatze helburuak lortzea oztopatuko duelako: "Zer dela eta sustatu behar du Europak bere uharte horietan jarraizea teknologia zaharkituek, bitarte horretan gainerako Europan gainditutzat ematen baldin baditugu?".
Eskualdeen Garapenerako batzordeak onartua, orain Europako Legebiltzarrak berretsi beharko du. Zero Waste Europek dei egin die osoko bilkuran bozkatu beharko duten parlamentariei beren botoaz berretsi dezaten zabortegi eta erraustegiak Kohesio Funtsetik kanpo geratzea eta aipatu salbuespenak ezabatu ditzaten proposamenetik.