Lasarte-Oriako Landaberri ikastolatik 500 metrotara eraikitzen ari diren erraustegiaren aurrean kezka eta ezinegona adierazi zuten orain urtebete ikastola kideek, ondoko irudian ikus daitekeen moduan, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Ordezkaritzak Donostian duen egoitza atarian. Landaberrin hazten eta hezten ari diren ikasle zein hezitzaileengan halako azpiegitura batek izan dezakeen kalteaz kezkatuta agertu ziren hedabideen aurrera.
“Nork ziurtatzen du gure haur ikasleen osasuna ez dela kalteturik izango hemendik ez oso epe luzera, urtero aurreikusten dituzten 155 mila tona errausketaren ondorioz haizatuko diren dioxina eta mikropartikula iragaitzez? Baita errausketaren ondorioz sortuko liratekeen aipatutako kopuru horren tratatu beharreko errautsen laurdenaz? Osasunean ondorio kaltegarriak ez dituela eragingo diote, ordea, Aldundiko agintariek; zein oinarri zientifikoz? Eta noren bermez? Ez, behintzat, Europar Batasuneko ingurumen Batzordearena. Piotr Barczak arduradunak dioenez, errausketa teknologiak, onurak baino, kalteak ekartzen ditu ekonomian eta ingurumenean”.
Gaineratu zutenez, erraustegi proiektua ez dator bat ikastetxea sustatzen ari den ingurumenaren eremuko egitasmoekin. “Gure ikastetxearen Hezkuntza Proiektuak eta Agenda 21 proiektuak, ingurumenaren sostengarritasuna jarduerak sustatzea duena helburu, ez lirateke ez kongruente, ezta bateragarri ere zaborraren kudeaketarako errausketa proiektua nagusituko balitz”, azpimarratu zuten.
Agerraldi honekin batera, 2016ko maiatzean ikastolako Organo Gorenak eskutitz bidez erraustegiaz zuten ezinegon eta kezka adierazi zion Donostiako Hezkuntza Delegaritzari. Joan den ikasturtean ere bigarren saiakera bat egin zuten, baina berri eman dutenez, “inolako erantzunik ez dugu jaso, eskutitza bi alditan bidali badugu ere”.
Gutunei ez diote erantzun Hezkuntza Ordezkaritzak baina ikastola atarian jarriak dituzten pankartak kentzea agindu diete Landaberrikoei. Ikastolatik kilometro erdira eraikitzen ari diren erraustegiaz eta planta honek haien osasunean izan dezakeen eraginaz ohartarazten dute pankarta hauek.
Honen guztiaren aurrean, irakasleok honako idatzia plarazatu dute:
Joan den azaroaren 30ean Hezkuntza Ikuskaritzaren deia jaso genuen Landaberri ikastolan bertan jarrita ditugun pankartak kentzeko aginduz. Pankarta horiek 500 metrotara eraikitzen ari diren erraustegiaz ohartarazi eta horrek gure osasunean eragin ditzakeen kalteekiko kezka adierazten dute.
Aurreko ikasturtean irakasleen bi herenek hartu zuten parte zentruan erraustegiaz egindako inkestan; eta horretan %84ak adierazi zuen Artzabaletan erraustegia eraikitzeak kezka handia eragiten diela.
Klaustroaren proposamenaz Organo Gorenak eskutitz bat zuzendu zion, joan den ikasturtean ere, Gipuzkoako Hezkuntza ordezkaria den Gema Gonzalez de Txabarriri erraustegiarekiko gure kezka adieraziz eta osasun bermeen inguruko argibideak eskatuz. Bada, inolako erantzunik ez dugu jaso, eskutitza bi alditan bidali badugu ere.
Delegaritzaren jakinarazpen bakarra, Gipuzkoako delegatuak ikuskariari egindako eskaeraz, pankartak kentzeko ahozko agindua izan da.
Guzti hori dela eta, honakoa adierazten dugu idatzi hau sinatzen dugun irakasleok:
Ohitura osasuntsuak eta sostengarritasuna ikasleekin lantzen ditugun era berean, zaborren trataeraren kultura osasuntsu eta sostengarri berbera jorratzen dugu, murrizketa eta berrerabilpena sustatuz.
Pankartak eta hormirudiak adierazpen jardueratzat ditugu gure ikastetxean, eta, aldi berean, bizitasun eta askatasun adierazle ere.
Hausnarketan eta errespetuan oinarrituta, arazo komunei irtenbide kolektiboak bilatzearen alde aritzen gara.
Azkenik, erraustegiaren tximiniak bota litzazkeen dioxinen aurrean gure kezka berresten dugu.
Koro Martija eta Iñigo Aldabaldetreku, Landaberri ikastolako 54 irakasleen izenean.
Albiste hau Usurbilgo Noauak argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta