Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Hotel+EZ-ek manifestaldiak egingo dituztela adierazi dute Donostiako Aste Nagusian. Turistifikazioaren aurkako manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da udaletxetik, eta erraustegiaren aurkakoa, berriz, Bretxatik aterako da 18:00etan.
“Donostiako Aste Nagusian turistifikazioak sortzen duen agobioari erantzuteko” manifestazioa egingo du Hotel+EZ mugimenduak. Udaletxetik abiatuko da manifestazioa, udal gobernuak turistifikazioaren indartzean parte hartzen duela salatu baitute antolatzaileek. Udaletxetik aterata, Donostiako Alde Zaharreko kale turistikoenetatik igaroko dira.
Turismoak hiltzen gaitu! lelopean egingo dute manifestazioa, Donostiako Alde Zaharrean bizitzea “erresistitzea” edo bizirautea dela salatzeko. Gure hirietako alde zaharrak eta erdiguneak turismora bideratzen dira geroz eta gehiago, eta horrek alokairuen prezioen igoera dakar. Hala, gune hauek herritarrentzat izan behar dutela aldarrikatuko dute manifestazioan.
Errausketaren Aurkako Mugimenduak, berriz, Bretxatik hasita egingo du manifestazioa; 18:00etan abiatuko Erraustegia=klima aldaketa lelopean.
“Kea dario erraustegiari”
Noaoa Usurbilgo hedabideak larunbatean salatu zuen Zubietako erraustegiari “kea dariola jada”. Erraustegiaren proiektua bultzatu zutenetik hasieratik esan zuten plataforma berriak ez zuela kerik botako atmosferara.”Egoeraren larritasuna” dela eta, Errausketaren Aurkako Mugimenduak klima aldaketaren aurka dagoen edonor deitu du manifestaldira: “Aurrean izango gaituzue”, esan dute.
Egoeraren larritasuna ikusita erraustegira joan gara eta probak egiten ari dira. Organikoa ere erre nahi dute.
Begira zer argazki atera diogun tximiniarik ez zuen munstroari. Nola fidatu herritarrei gezurra esaten dieten agintariez?#ErraustegirikEZ, aurrean izango gaituzte. pic.twitter.com/vCHw3Wz3rb
— Erraustegiaren A.M. (@ErrausAurkMugi) August 10, 2019