EAEko Justizia Auzitegi Nagusian GuraSOS elkarteak jarritako helegitearen inguruan erabaki bat eman arte errauste plantaren lizitazioarekin ez segitzeko agindu dio Donostiako 2. Administrazio epaitegiak Gipuzkoako Aldundiari.
Donostiako epaitegiaren esanetan, kautelazko neurri gisara, Gipuzkoako Aldundiari agindu dio ez segitzeko GuraSOSek Auzitegi Nagusian "suspenditzea eskatu duen ekintzaren" adjudikazioarekin, hau da, erraustegia eraikitzea, honek helegitearen inguruan erabaki bat hartu bitartean. Horrela egingo balu "administrazioa epaile" bihurtuko bailitzateke, Victor Mora epaileak autoan (pdf) dioenez eta ez litzateke alde baten tutela judiziala errespetatuko. Orain, hamabost eguneko epea dago Donostiako epaitegiaren ebazpenari helegitea jartzeko.
Helegitea Gipuzkoako Hondakinak Kudeatzeko Planari jarria dio errausketaren kontrako eta osasunaren aldeko guraso elkarteak eta Auzitegi Nagusiak datozen asteetan erabaki bat hartuko duela uste dute.
GuraSOSek lehen balorazioa ohar bidez plazaratu du. Elkartearen ustez autoaren irmotasunak zalantzan jartzen du "esleipena erresoluzio judizialak itxaron gabe sustatzen ari diren administrazioen" jokabidea. 17:30etan Donostiako Atotxako epaitegira joateko "premiazko" deialdia egin du, honek arrazoi eman diola-eta.
GAUR PREMIAZKO KEDADA 17:30etan Donostiako Atotxako EPAITEGIETAN: Donostiako 2. epaitegiak GURASOSi arrazoia eman dio! #GuraSOS pic.twitter.com/Rh78HMjYBe
— gurasos (@tgurasos) 2017(e)ko urtarrilak 5
Bertan dozenaka lagun elkartu dira. GuraSOSek oinarrizko eskubideen inguruan jarri du azpimarra "horien gainetik ez dago ezer" eta "hurrengo bilera Foru Aldundian" egiteko nahia azaldu du.