argia.eus
INPRIMATU
Erraustegiaren aurkako protestak egin dituzte, obrak hasi behar ziren egunean
  • Zubietako Erraustegiaren aurkako protestak dituzte Gipuzkoako hogei herri baino gehiagotan. Ernaiko kideek zaborra jaurti dute EAJren Gipuzkoa Buru Batzarraren egoitzaren sarreran eta margoketak egin dituzte. Astelehenean hastekoak ziren erraustegiaren lanak, baina oraindik geldirik daude.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 09a
Donostiako elkarretaratzea (Arg.: Juan Carlos Ruiz / ARP)

Gipuzkoako Aldundiak Zubietako erraustegiko lanak maiatzaren 8an hasiko zirela iragarri zuen. Oraindik ez dituzte martxan jarri, baina herritarrak kalera atera dira, protesta egitera. Donostian, Hernanin, Arrasaten, Zestoan, Azkoitian, Urretxun eta Errenterian egin dituzte elkarretaratzeak, besteak beste. Donostian, Aldundiaren aurrean elkartu dira herritarrak.

Asteazkenean egingo dute errauste plantaren inaugurazio ofiziala. Egun horretarako mobilizaziora deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak, Erraustegirik ez, ez gure izenean lelopean. Maiatzaren 27an erraustegiaren aurkako jardunaldia egingo dute Zubietan.

Alternatiba “garbiagoak, osasungarriagoak eta merkeagoak” daudela gogorarazi du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Hondakinak murriztea, sailkatzea eta tratatzea bide egokia dela eta horretan aurrera egitea denon erantzukizuna dela adierazi du.

Zaborra jaurti dute GBBren Donostiako egoitzan

Ernai gazte antolakundeko zazpi kidek GBBren egoitzaren hesien gainetik salto egin dute, estalita, eta zaborrak jaurti dituzte ate ondoan, erraustegiaren aurkako protesta moduan. Pankarta bat ere jarri dute, “Mafiosoak, zuenak egin du. Zaborra zarete” mezuarekin.

EAJk erasoa salatu du: “Berriro ere kaputxaren koldarkeriaren atzean ezkutatzen direnek eta zuzeneko ekintza erasokorrak egiten dituztenek errealitatetik kanpo jartzen dute bere burua”, adierazi dute ohar batean. Esan dute zaborra eta margoa garbitu daitezkeela, baina “hainbat jokabide eta pentsaera birziklatzea” ezinezkoa dela. Gertatutakoa kalifikatzeko eskatu diote Sorturi.

Argazki galeria

Aiztondo.
Andoain.
Anoeta.
Arrasate.
Astigarraga.
Azkoitia.
Bergara.
Donostia.
Hernani.
Lasarte-Oria.
Legazpi.
Lezo.
Oiartzun.
Orereta.
Pasaia.
Urnieta.
Urretxu-Zumarraga.
Usurbil.
Zarautz.
Zestoa.
Zubieta.
Zumaia.