Abenduaren 27an erraustegiaren aurka mobilizatzeko deia egin du Donostian Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Eguerdiko hamabietan izango da mobilizazioa, proiektua “eztabaida publikorik gabe inposatzen” ari direla salatzeko.
Gipuzkoa Plazara gerturatzeko deia egin du erraustegiaren aurkako plataformak. “Komunikabide handien bitartez eginiko manipulazioa” salatu nahi dute. Antolatzaileek dei egin diete agintari, ordezkari politiko eta herritarrei “erraustegi kriminal hau eta lapurreta izugarrizko hau onartu ez dezaten”. Proiektua beharrezkoa ez dela gogorarazi dute, osasunarentzat kaltegarria dela gehituz.
GuraSOSek Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salan jarritako errekurtsoa eta kautelazko suspentsioaren eskaera tramitera onartuak izan ziren. Astelehen honetan erabakiko du epaimahaiak proiektuak aurrera jarraituko duen edo ez.
Erraustegiaren lanak esleitzeko asmoa GHK-k bertan behera utz dezala eskatu dute EH Bilduk, Ahal Duguk, Ezker Anitzak eta Equok astelehen honetan Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Gipuzkoako Diputazioa eta Markel Olano ahaldun nagusia mahaian negoziatzera jar daitezela ere eskatu dut, gatazka honek bestela luze iraun dezakeelako, eta irtenbidea “elkarrizketan eta negoziazioan" dagoelako.
Lau indarren artean sinatutako dekalogoa berritu egin dutela ere iragarri dute eta, besteak beste, Lapatxeko zabortegia itxi izanarekin euren adostasuna agertu dute. Aitzitik, Goierriko Mutiloara hiri hondakinak eramateko erabakiaren aurka agertu dira. Biharko Gipuzkoako plazako mobilizaziora joateko dei egin diete herritarrei.