Gipuzkoako mugimendu sozial, politiko, sindikal eta ekologistako kideek osatzen dute Larreko (larrialdi ekologikoari aurre egiteko) mahaia. Otsailaren 29an, 17:00etan Donostiako Easo plazatik aterako den manifestazioa antolatu dute. "Osasuna, ekonomia eta klimagatik, ez erre etorkizuna!" du goiburu.
Manifestazioa deituz zabaldu duten agirian, zera adierazi dute, Donostiako erraustegia martxan jartzeko eguna martxoaren 3a izango dela iragarrita dagoen honetan: "Errausketarik gabeko lurralde baten aldeko borroka ez da inoiz amaituko".
Erraustegia piztu aurreko une hau, nahi dute bihurtzea "indarrak batzeko unea", "herritarrok hitza eta erabakia hartzeko unea", "kapitalismo berdeari ateak ixteko unea" eta ingurumen zaintzan "konpromiso kolektibo eta politikoa hartzeko unea".
Desinformazioa eta irudi garbiketa salatu dute: "Larrialdi ekologikoaren aurkako estrategia zuritzaileenek eta harresi desinformatiboenek ere ezin ezkutatu dezakete errausketaren hautu politikoaren ondorioak herriak pairatuko dituela, lurrak pairatuko dituela".
Otsailaren 29an manifestazioan "Gipuzkoako herritar eta langile orori" parte hartzeko deia luzatuz, borroka hau bizitza erdigunean jartzen duen jendarte ereduarekin lotu dute: "Ingurumena eta bizitza erdigunean jarriko duen jendarte eredu baten aldeko borrokan trantsizio ekologikoa gako izan daitekeenez bertan eragiten jarraituko dugu".
Hemen irakur daiteke manifestazioa deituz zabaldu duten testua osorik.