argia.eus
INPRIMATU
Erraustegiaren alternatiba Gipuzkoan: “Hondakinak 50.000 tonara murriztu daitezke, oso erraz”
  • Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak proposamena luzatu du, epe motzean Zubietako erraustegiarena baino “alternatiba osasuntsuago eta merkeagoa” martxan jartzeko. Martxoaren 25ean manifestazioa deitu dute Donostian.

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 09a

Donostian ostegun goizean egindako prentsaurrekoan Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideek Gipuzkoako hondakinak modu egokian kudeatzeko alternatiba aurkeztu dute. Euren esanetan, Zubietako erraustegia 200.000 tona zabor erretzeko diseinaturik dagoen arren, posible litzateke epe laburrean eta “oso erraz” Gipuzkoan sortzen den hondakin kopurua urtean 50.000 tonara murriztea.

Horretarako nahikoa litzateke gaur egun udalerri ugaritan egiten den bezala %70etik gora birziklatu eta gipuzkoar bakoitzak urtean 80 kilo errefus baino gehiago ez sortzea: “Ez da onargarria batzuek pertsonako 50 kilo azpitik sortzea eta beste udal batzuek 250 edo 300 kilo sortzea. Ez da logikoa, ez justua”, azaldu dute.

Administrazioak herritarrari eskueran erraztasunak jartzea eta sortzen diren hondakinen araberako tarifa justuak ezartzea dira kopuru horietara iristeko gakoa, mugimenduaren ustez. Urgentziazkoa iruditzen zaie, adibidez, lurraldean organikoa tratatzeko dauden azpiegiturak hobetu eta berriak sortzea, baita enbalajeak sortzen dituzten produktoreen gain ere jartzea ontzi arinak birziklatzearen ardura.

Aurkezturiko alternatiba barruan sartuko litzateke  Tratamendu Mekaniko Biologikorako (TMB) planta bat diseinatzea egoera ezberdinetara egokitua, aurreko legealdiko foru gobernuak egin zuen moduan: “Berriro jarri behar da hura mahai gainean”, diote. Euren esanetan TMBra iritsiko liratekeen 50.000 tona errefus horiek 25.000 izatera murriztu daitezke tratamendua eman ondoren. Askoz merkeagoa litzateke soluzio hori gainera: 70 milioi euroko kostua, Zubietako erraustegia eraikitzeak bakarrik  212 milioi euro kostako den bitartean.

Azken errefusa zabortegi inerteetan biltzea litzateke hurrengo pausoa, baina hori ere ahalik eta gehien murriztea izanik ortzimuga. Azaldu dutenez, Europan badaude Gipuzkoa bezalako eskualde handiak –Italiako Treviso kasu– zortzi urteko epean 50 kilo errefusetik 10 kilora igarotzeko lanean ari direnak. Puntako eskualde horiekin elkarlanean jardutea proposatu dute Errausketaren Aurkako Mugimendutik.

M-25: manifestazioa Donostian

Alternatiba dagoelako lelopean manifestazioa deitu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak martxoaren 25ean, larunbatarekin, Donostian. Prentsaurrean emandako datuak aintzat hartuta, beste hondakinen kudeaketa bat posible dela uste duten herritarrak eta eragileak bildu nahi dituzte mobilizazio handi batekin. Manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Anoetako estadio ingurutik eta Bulebarrean amaituko da. Datorren astean emango dituzte mobilizazioaren inguruko xehetasun gehiago.