argia.eus
INPRIMATU
Erraustegiaren 52.000 tona eskoria nahasteko, urtean 6 milioi euro gastatuko ditu Gipuzkoak
  • Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Eguberri egunaren biharamunean onartu ditu Zubietako erraustegiaren bigarren fasearen baldintza pleguak. Biometanizazio planta eta eskoria nahiz errauts toxikoak tratatzeko gunea egingo dituzte, orain erraustegia eraikitzen ari diren tokitik gertu.

ARGIA @argia 2017ko abenduaren 27a
Artigasko zabortegia handitu egin behar izan dute zabalgarbiko eskoriak pilatzeko

GHK-k 37 milioi euro jarri beharko ditu bi azpiegitura horiek egiteko, baina horrez gain, 20 urtez 6 milioi euro gehiago emango dizkio enpresa pribatu bati tratamendu eta mantenuagatik, guztira 120 milioi euro.

Erraustegiaren esleipenarekin gertatu bezala, kuota horren zati handiena finkoa izango da –ez sortzen den zaborraren araberakoa–; hortaz udalek berdin ordaindu beharko dute plantak egunero ateak irekita edukitzeagatik; gehiago edo gutxiago birziklatzeak ez du eraginik izango GHKren zorra kitatzeko.

Denera gutxienez 888 milioi euro jango ditu erraustegiak udal aurrekontuetatik datozen hiru hamarkadetan.

Eskoriak tratatzeko guneak 52.000 tona gai arriskutsurentzako tokia izango du. GHKren aspaldiko asmoa da beste material batzuekin nahastea eta “eraikuntzan” edo “errepideetan” zabaltzea, baina ez dute eman aterabide horren inguruko inolako xehetasunik, ez bideragarri izango ote den jakiteko daturik ere. Bitartean eskoria horiek non pilatuko dituzten ere ez dute esan.

Zubietan erraustegiaren obrak hasi dira, hortik gertu planta gehiago egin beharko dituzte zaborrentzako.

Bizkaiko hondakinak erretzen dituen Zabalgarbik 52.000 tona eskoria eta 8.000 tona errauts sortzen ditu urtero, Lezama Bizirik elkarteak egindako datu bilketaren arabera. Horientzako aukera bakarra aurkitu dute ordea: Artigasko zabortegian lurperatzea. Horretarako, 2016an zabortegia gehiago handitzeko lanak hasi behar izan zituzten.

GHK-k ez daki zer egin 60.000 tona zaborrekin

Gipuzkoan 160.000 tona errefus sortzen dira egun eta gehiengoa Mutiloako Lurpe zabortegira eramaten da orain, eskualdeko udalen iritziaren kontra. Nolanahi ere, oraindik 60.000 tona geratzen zaizkio esku artean GHK-ri, eta gaikako bilketa orokorturantz urratsik ematen ez duenez, aukeretako bat da kanpora bidaltzea, lehen Kantabriako Meruelora egin izan den bezala.