argia.eus
INPRIMATU
Erraustegian inplikatutako Urbaser enpresak Donostiako bizikleten alokairua ere kontrolatuko du
  • Kapital txinatarraren esku dagoen Urbaser enpresak esleipen publiko berri bat lortu du Gipuzkoan: Donostiako bizikleten alokairu publikoa kontrolatuko du hemendik aurrera. Enpresa bera da Zubietako erraustegiaren onuradun nagusienetakoa.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 01a
Donostiako bizikleten alokairu publikoko zerbitzua kudeatuko du Urbaserrek aurrerantzean.

Urbaser enpresak jaso du Donostiako bizikletak alokatzeko zerbitzu publikoaren esleipena. Hurrengo zortzi urteetarako kontzesioa da eta 8,55 milioi euro jasoko ditu zerbitzu hori ematearen truke. Zazpi proposamen aurkeztu ziren lehiaketa publikora Noticias de Gipuzkoa egunkariak argitaratu duenez.

Gaur egun zerbitzua bertan behera geratua dago, aurretik esleipena zeukan enpresak (Bonopark) ezin izan zuelako alarma egoeraren ondoren ezarritako higiene baldintzarik bete. Zerbitzua Urbaserren eskuetan, 32 estazio berri jarriko dituzte gaur egun daudenen inguruan eta ondoren ordezkatuko dituzte egungoak, bizikleta arrunten eta motor elektrikodunenak eskainiz.

Erraustegiak eta ustelkeria

Esleipen honekin Urbaserrek are gehiago handituko du Gipuzkoan daukan presentzia. Aurretik, Zubietako erraustegi polemikoaren eraikuntzan eta gestioan leku nabarmenean agertu zen Meridiam Investment-ekin batera.

2017an Madrilgo Isabel II.aren kanalarekin lotutako ustelkeria kasu baten barruan –“Lezo auzia” gisa ezaguna– ikertu zuten Urbaser. Multinazional honek beste arrazoi batzuengatik ere bisitatu behar izan ditu epaitegiak, adibidez Ingalaterran, Gloucesterreko udalak auzitara eraman baitzuen han eraikitzen ari ziren erraustegiaren kontratua dela medio.