argia.eus
INPRIMATU
“Erraustegiagatik kezkatuta egoteko arrazoiak daudela uste dugu”
  • Azkenaldian jende askoren ahotan dagoen gaia da erraustegiarena. Osasunean izan dezakeen eraginak kezkatzen du herritar asko, eta eragin horri buruz hitz egin du, hain zuzen, Karkarak Orioko medikuekin.

Karkara Orio eta Aiako orainkaria 2016ko irailaren 05

Ikerketak irakurri eta isuritako produktuak zein diren ezagututa, Zubietan eraikitzen ari diren errauskailuak osasunean eraginak izan ditzakeela ondorioztatu dute mediku hauek. Goretti Aranburuk –Zarautz, 1960–, Gurutze Uriak –Zarautz, 1965–, eta Alex Marrodanek –Durango, 1973– kezkatuta egoteko arrazoiak baditugula uste dute.

Zer eragin ditu errauskailuak osasunean, zer gaixotasun sortu ditzake?

Irakurri ditugun ikerketen arabera eta garrantzitsuena aipatzearren, hainbat gaixotasun sor ditzake: minbiziak orokorrean, –batez ere urdailekoa, kolorektala, biriketakoa eta gibelekoa–, leuzemiak, linfomak eta sarkomak. Horrez gain, joera duten emakumeek bularreko minbizia izan dezakete, fetuetan malformazioak ager daitezke –erbi-ezpaina, arantza bifidoa...– eta umeek alterazio hormonalak izan ditzakete –sexualak eta tiroidekoak–. Biriketako gaitzak ere ager daitezke.

Orokorrean, hilkortasun tasa handitzea eragin dezake errauskailu batek, batez ere, minbiziagatik.

Zergatik? Zer da kutsakorra dena?

Errauste planta batek funtsean sortzen dituen gaiak hauek dira: errautsak, zepak edo eskoria eta gasak. Errautsak eta zepa dioxinaz eta metal astunez osatutako hondakinak dira. Azken hamarkadan, teknologiak hobetu direla eta, tximiniatik isuritzen diren kopuruak –merkurioarena izan ezik– txikiagoak dira, baina errautsetan gehiago ikusiko dira eta ingurumena kutsatuko dute.

Oso toxikoak dira sustanzia horiek. Elikadura-katean txertatzen dira eta zenbat eta gorago jo katean, geroz eta maila altuagoan aurkituko dira.

Dioxinak gantzetan disolbatzen dira eta egonkortasun handikoak dira, gorputzean duten bizitza-maila bataz beste 7 urtekoa da. Bizitza maila odolean dagoen sustanzia batek kontzentrazio maila erdira jaisteko behar duen denbora da.

Gasekin, besteak beste, partikula ultrafinak isurtzen ditu erraustegiak. Bronkioak eta birikak ez dira gai sustanzia horiek geldiarazteko eta odolera erraz iristen dira, beraz, kaltegarriak dira osasunarentzat. Bestalde, beste hainbat sustantzia ere isurtzen dira gas moduan: nitrogeno oxidoa, nitrogeno dioxidoa –bi horiek gas toxikoak dira–, aerosol azidoak, anhidrido karbonikoa –CO2, negutegi efektua sortzen duena–, metal astunak, dioxinak, furanoak, hidrokarburo polizikliko aromatikoak...

Tximiniatik irten daitezkeen gai ezezagunak ere asko dira, eta ezagunak bezain toxikoak izan daitezkeela estimatzen da.

Zertan oinarritzen zarete eragin horiek dituela ziurtatzeko?

Hasieran esan dugun moduan, irakurri ditugun ikerketetan oinarritzen gara. Espainian egindakoak eta ikerketa internazionalak irakurri ditugu. Batzuk nahiko berriak dira eta aurten ere beste ikerketa batzuk aterako dituztela jakin dugu. Ikerketa horiek denon eskura daude interneten, irakurri nahi dituenarentzat.

Eragin horiek izateko arriskua zenbatekoa da Aian eta Orion?

Dakiguna da 0 eta 5 kilometroko tartean hilkortasun tasa %10 eta%15 artean igotzen dela. Orio 8 kilometro ingurura dago eta arriskua txikiagoa izango da. Zehazki zenbatekoa den ez dakigu baina ez da zero izango. Ikerketek diote 10 kilometroko perimetroan eragin negatiboa dutela errauskailuek.

Errauskailuaren alternatiba egokiena zein da zuentzat?

Zabor gutxiago sortzea, berrerabiltzea eta gehiago birziklatzea.

Zuen iritziak bat egiten du Orion errauskailua eraikitzearen aurka dagoen taldearen iritziarekin?

Uste dugu kezkatuta egoteko arrazoiak badaudela, osasunean izan ditzakeen eragin horiengatik.

Hitzaldi informatibo bat antolatzen ari zarete talde horrekin irailerako. Zertan datza hitzaldiak?

Xabier Mitxelena eta oraindik zehaztu gabe dagoen beste hizlari bat etorriko dira irailaren 14an, 19:00etan Kultur Etxera.

Batak errausketari buruz hitz egingo du eta besteak gaiaren inguruan egin diren ikerketei buruz. Xabier Mitxelena OEIT –Osasuna eta Errausketa Ikerketa Takdea– taldeko medikuetako bat da, baita International Society of Doctors for The Enviroment, ISDE taldekoa ere.

Artikulu hau Karkarak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.