“Tratamendu mekaniko biologikoko eta biolehorketako plantetako eraikinak ia amaituta daude, eta hasiera eman zaio labeen eta gainerako ekipo industrialen instalazioari”, Gipuzkoako Foru Aldunditik berri eman dutenez. 2019ko erraustegiko lanak amaitzea aurreikusten dute eta “probaldia gainditu ondoren, 2019ko udazkenean funtzionatzen hasiko da Ingurumen Gunea” iragarri dute.
Lanen erdia egintzat jo dute jada, “eta, eraikuntza eta obra zibileko lanei dagokienez, % 70era iritsi da. Zehazki, tratamendu mekaniko biologikoko eta biolehorketako plantei dagozkien eraikinak amaituta egongo dira laster”. Erraustegiko lanak oso aurreratuak daudela nabarmentzen du Aldundiak. “Ekipamendu industrialen ezarpena egiten ari da, eta aurrera doa aurreikusitako epeen arabera. Amaitzen ari dira erraustegiak izango dituen bi labeetako lehenaren instalazio lanak, eta hasiak dira, baita ere, bigarren lerroko lanak. Hain zuzen ere hori da tamaina eta konplexutasun handieneko ekipoetako bat”.
Hondakinak kudeatzeko plan berria
Erraustegia barne hartzen duen 2019-2030 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan berria izapidetzen hasi dela iragarri du bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak. 9 hilabete iraungo omen ditu izapidetze prozesuak “eta administrazioei, talde politikoei eta gizarte eragileei parte hartzeko aukera emango zaie”.
Plan berriak erraustegia eraikia eta martxan izan osteko garaiari begira planteatua dago. “Plan berriak (GHHKPO 2019-2030) hondakinen birziklatzearen eta balorizazioaren zirkulua itxiko du, eta Gipuzkoa prest utziko du ekonomia zirkularraren eta klima aldaketaren erronkari aurre egiteko”. Lehenengo aldiz, Gipuzkoak hondakinen plan bati helduko dio Europako herrialde garatuenen baldintza beretan”, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan.
Urratsez urrats, plan berria onartu eta martxan jarri aurretik, honako bide hau jorratzea aurreikusten du Aldundiak:
-Gai honetan eskumena duten administrazio guztiei (udalak, mankomunitateak, interesa duen publikoa eta Eusko Jaurlaritza) aurretiazko dokumentu bat bidaliko zaie beren ekarpenak egiteko.
-Herritarrek parte hartzeko protokoloa zehaztuko da.
-Aurreproiektua prestatu ostean, alegazioetarako jendaurrean jarriko da.
-Bi hilabeteko parte hartze prozesua egingo da.
-Plan berrirako beste dokumentu batzuen aurkezpena.
-Plan berria Diputatuen Kontseiluen onarpenera.
-Gero, Gipuzkoako Batzar Nagusietara igorriko da, eztabaidatu eta onartua izan dadin.
-9 hilabeteko prozesua, 2019ko otsailean amaitzeko aurreikuspena.
Honatx hitzez hitz, Foru Aldundiak plan berriarekin bete nahi dituen helburuak:
-Prebentzioa maximizatzea.
-Gaikako bilketa eta birziklatzea ahalik eta gehien optimizatzea.
-Konpostajean eta materia organikoaren biometanizazioan ahal den guztia aurreratzea.
-Birziklatu ezin diren hondakin guztiak balorizatzea (erraustea), eta lehen mailako hondakinen isuririk ez eragitea.
Albiste hau Noaua-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.