argia.eus
INPRIMATU
Errausketaren aurkako protestak deitu dituzte Bilbon ISWA patronalaren kongresuaren harira
  • Bizkaia Zero Zabor elkarteak deituta, protesta egingo dute Bilbon astelehenean, urriaren 7an, goizeko 8:00etatik 10:00etara Euskalduna Jauregiaren aurrean, eta 18:00etatik 20:00etara Guggenheimen. Egun horretan ISWA patronalaren mundu mailako urteko kongresua hasiko da, eta bertan izango dira hondakinen kudeaketan ari diren mundu osoko enpresak. Jardunaldien babesle: Urbaser enpresa, Zubietako erraustegiaren egilea, eta hitzaldietan erraustegiak justifikatuko dituzten ponentzia ugari, tartean, Gipuzkoako Aldundiko ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensioren hainbat.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2019ko urriaren 04a

“Circular Economy: What are you doing?” (Ekonomia zirkularra: eta zu zertan ari zara?) goiburu dutela, urriaren 7tik 9ra bilduko dira hondakinen kudeaketan ari diren konpainia nagusiak ISWA patronalak egingo duen mundu mailako biltzarrean, alor horretako ugazaba espainiarrak tartean. Horra hurbilduko omen dira planeta osotik etorritako hondakinen kudeaketako profesionalak, politikariak, industriako liderrak, planifikazio arduradunak, zientzialariak eta profesional gazteak, orotara 1.200.

Espainiako eta EAEko erakunde nagusiak dira Bilboko kongresu honen babesle, IHOBE eta GHK konpainia publikoekin batera, eta babesleen artean, diru gehiena jartzeagatik silver sponsor tituluz agertzen da Urbaser. Esan nahi baita, Tianying.

Hona Bilbon bilduko diren 1.200 entzuleei ISWAk hasieratik jarri dien puntua: “Egitarau zientifikoak aztertuko ditu hondakinen kudeaketa jasangarria, ekonomia zirkularra, baliabideen erabilpena (…) hondakinen murrizketa, prebentzioa, berrerabiltze eta birziklatzea, klimaren aldaketa…”.

Erraustegien patronalak aldarrikatzen du asko lagun dezakeela klimaren zoratzea gelditzeko ahaleginean, zaborrak errez. Europako erraustegien elkartearen 2018ko agiri nagusietako batek dio izenburutik: “Errausketak laguntzen dio Europar Batasunaren negutegi gasen murrizketarako epe luzeko estrategiari”.

Enpresa hauen kontabilitatean, azken urteotan gutxitu egin dira hondakinen kudeaketak eragindako negutegi gasen isuriak, gehiago birziklatu, lurpeko zabortegietara gutxiago eraman eta gehiago errausten omen delako. Horregatik proposatzen dute orain arteko bidean sakontzea, zeren eta “lor daiteke urtean 175 milioi tona CO2 gehiago murriztea –Holandak erregai fosilak kiskaliz isurtzen duen CO2 guztia adina–, baldin oraindik lurperatzen ditugun zaborrak eramaten baditugu hondakinen hierarkian gorago dauden sistemetara”, esan nahi baita, erraustegietara.

Pello Zubiriak Erraustegiak ez dira klimaren zoratzearen beldur erreportajean jorratu zuen industria honek nola aldarrikatzen duen klima aldaketaren aurkako eragile direla, datu manipulatuak erabiliz.

Azpiko irudian jardunaldiaren babesleak: