argia.eus
INPRIMATU
Errausketaren Aurkako Mugimenduak elkarretaratzea deitu du bere buruaz beste egiten saiatu zen lagunari elkartasuna adierazteko
  • Maiatzaren 15ean Lasarte-Oriako herritar bat bere buruaz beste egiten saiatu zen Zubietako erraustegiaren aurkako ekintza gisa, ARGIAk asteartean ezagutarazi zuen moduan. Errausketaren Aurkako Mugimenduak elkarretaratzea deitu du Zubietan.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 06a
Zubietako plaza libreko frontoian elkarretaratzea deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak (argazkia: Noaua)

Elkarretaratzean, beste behin eskatuko dute Zubietako obrak bertan behera gera daitezela, eta horrez gain, suizidatzen saiatu den pertsonari elkartasuna adieraziko diote. Ostiralean bilduko dira, 18:30ean Zubietako plaza libreko frontoian.

A.P. siglei erantzuten dien herritarra erraustegia eraikitzen ari diren tokitik kilometro gutxira bizi da eta eragingo duen kutsaduraz oso kezkatuta zegoelako hartu zuen bere buruaz beste egiteko erabakia, ARGIAk eskuratutako gutun batean idatzita utzi zuenez. Mediku eta suhiltzaileek oso larri aurkitu zuten bere etxean, gutun hori jaso zuen lagun batek ohartarazi ostean.