argia.eus
INPRIMATU
“Errausketaren aurkako giza katearen atzean ezker abertzalearen kanpaina dago”, Gipuzkoako Aldundiaren ustez
  • Gipuzkoan erraustegia eraikitzeko proiektuaren aurka izan diren azken mobilizazio eta adierazpenak gogor kritikatu ditu Imanol Lasa Aldundiko bozeramaileak, Onda Vasca irratiari emandako elkarrizketan. Zehazki, ezker abertzalea kritikatu du Lasak, "gezurretan aritzea eta ikara zabaltzea" leporatuz.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko maiatzaren 31
Milaka lagun bildu ziren maiatzaren 29an Donostian, errausketaren aurkako giza katean (Arg.: Dani Blanco).

Aldundiko bozeramailearen iritziz, "ez dago errauskailuak herritarren osasunerako eraginik ekarriko dituela ondorioztatzeko ebidentzia zientifikorik". Errausketak kalterik eragiten ez duela dioten bi ikerlan aipatu ditu: bata EHUk Bizkaiko Zabalgarbi errauskailuaren eraginei buruz 2011n egindakoa; bestea Osakidetzak 2004an kaleratutakoa, errauskailuei buruz oro har.

Lasak aipatutako txosten biak zorrotz kritikatu izan ditu, hain zuzen, osasungintzako profesionalek osatutako Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (OEIT). Haiei buruz ere aritu da Lasa, eta sinesgarritasuna ukatu die: "Zientziari eta osasunari lotutako gaietan, baieztapen guztiek ez dute pisu bera. Ez da nahikoa medikuntza titulua izatea, eta hau errespetu osoz diot". Aldundiak Zubietan eraiki nahi duen errauskailua ingurumenari lotutako “teknologia, baimen eta kontrol aurreratuenak” izango dituela ere azpimarratu du.

Igandean milaka lagun bildu zituen giza kateaz honakoa esan du Lasak: “Batzuek modu baketsuan adierazten dute beren iritzia eta guk errespetatu egiten dugu, baina begi-bistako intentzionalitate politikoa eta ezker abertzaleak prestatutako kanpaina daude deialdi horren atzean”.    

Gipuzkoa Zutik ekimena ere aipatu du zeharka, Aldundiaren hondeamakina bati egindako erasoarekin lotuz: “Kanpatzeen, inposizioaren eta sabotajeen kultura hori gizarteak lehenbailehen ahaztu nahi dituen aro politiko eta forma batzuetan kokatzen da”.  

Lasaren adierazpenek erantzun oldea eragin dute sare sozialetan. Besteak beste, errausketak osasunari eragiten dion kaltea hainbat ikerketa zentro eta unibertsitatetan egindako ikerlanek frogatutakoa dela erantzun diote askok Aldundiko eledunari.