Gipuzkoako hondakinen kudeaketak okerrera egiten jarraitzen duela salatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Donostiako erraustegiak kutsadura areagotu eta gaikako bilketa beheragotu duela azaldu dute, eta herrialdean aurreikusten diren proiektu berriek bide hori sakonduko dutela.
Mobilizazioekin jarraitzeko “beharrean” aurkitzen direla azaldu dute Errausketaren Aurkako Mugimenduko kideek asteazkenean eman duten prentsaurrekoan, “Gipuzkoan hondakinen arazoa urtetik urtera larriagotzen ari baita”. Oroitu dute hiru urte direla erraustegia martxan jarri zela, eta beste bi proiektu daudela iragarrita Bergaran eta Zumarragan, “pirolisi izenaren atzean paper fabriketako hondakinak eta plastikoak erretzeko”.
Donostiako erraustegiari buruz, ziurtatu dute sortzen duen kutsadura “oso nabaria” dela. Gogoan izan dituzte ToxicoWatch fundazio holandarrak burutu zuen arrautsen azterketa, Arkaitzerreka errekak jasandako isuri toxikoak eta EHUko Ekopol taldearen txostenak jaso zituen kutsadura mailak eta irregulartasunak. “Etenik ez dute erraustegian gertatzen diren matxurak, istripuak eta irregulartasunak”, ondorioztatu dute.
Hondakinen bilketa datuak
Erraustegiak hondakinen gaikako bilketan ere eragiten ari azaldu dute agerraldian: datu ofizialen arabera, 2020tik 2022ra hondakin organikoen bilketa biztanleko 80 kilotik 75era jaitsi da, eta sortutako errefusa, aldiz, 177kilotik 184ra. Nabarmendu dute Donostiakoak direla herrialde osoko daturik okerrenak. Urte berdinetan, organikoen bilketa 33 kilotik 32ra pasa da, eta errefusa 254 kilotik 265era. “Donostian gaika %41a besterik ez da jasotzen, Europako arauek agintzen dutenaren %50aren oso azpitik”, adierazi dute.
Gipuzkoako agintarien lana eta asmoak kritikatu dituzte mugimenduko bozeramaileek: “Paparrean 2030 agendaren ikurra daramate eta buruan garapenkeria, ekonomia, eta horrek dakarren kutsaduraren hazkundea”.
Giza katea asteburuan
Hori guztia salatzeko, irailaren 10erako giza katea deitu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Goizeko 10:00etan abiatuko da Alderdi Ederretik. Donostia Bizirik, Urretxu-Zumarraga bizi!, Larramendiko Arnasa eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolatu dute deialdia, eta hura babesten dute Eguzki eta Ekologistak Martxan mugimenduek, Alternatiba, Berdeak Equo, EH Bildu eta Podemos alderdiek, eta CCOO, EHNE, ELA, ESK, LAB eta Steilas sindikatuek.