argia.eus
INPRIMATU
Errausketaren aurkako Aiztondoko plataforma aurkeztu dute
  • Erraustegiak osasun arazo larriak eragin ditzakeela nabarmendu dute. Lehen ekintzak iragarri dituzte eta plataforman parte-hartzera deitu dituzte Villabona, Zizurkil, Aduna, Alkiza, Asteasu eta Larraulgo herritarrak.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2016ko otsailaren 18a

"Errausketa proiektuaren bultzatzaileei hausnarketarako deia luzatuko dien giza talde" bezala aurkeztu du bere burua erraustegiaren kontrako Aiztondoko plataformak. Bailarako herritarrak gaiaz informatzen eta sentsibilizatzen arituko da, eta aurkakotasuna adierazteko ekimenak antolatuko ditu. Bi ekintza iragarri ditu plataformak:

Otsailaren 28an, Zubietara Martxa Zizurkildik

Otsaileko azken iganderako dago deitua Gipuzkoa osoan Zubietara Martxa. Aiztondoko plataformak bailarako herritarrak deituko ditu Zizurkildik barrena elkarrekin joatera. Joxe Arregi plazatik abiatuko dira 8:00etan, eta Zizurkil Goiara joko dute, Zarateko gainetik barrena, Andatza inguratuz helburura iristeko. Zubietako herrian 11:00etan jarri dute elkartzeko hitzordua Gipuzkoa osoko plataformek. Handik "zero puntura" joango dira, alegia, erraustegia eraikitzeko asmoa duten tokira. Han 12:00etan egingo dute ekitaldia, berriz ere, 13:00etan Zubietako frontoira itzultzeko.

Martxoaren 17an, medikuen hitzaldia Villabonan

Erraustegiak osasunean sortzen dituen ondorio kaltegarriei buruzko hitzaldia egingo da Villabonako Gurea zinema aretoan, 19:00etan hasita. Xabier Mitxelena medikuak hartuko du parte solasaldian eta Gipuzkoako mediku talde batek erraustegiaren ondorioez ateratako txostena izango du oinarri (hementxe duzu txosten osoa ikusgai, Zero Zabor blogean).

Plataformaren bileretan parte hartzeko deia

Aiztondoko plataforma ostegunetan biltzen da, 19:00etan, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean. Bailarako herritarrak bertan parte hartzera deitu dituzte.