argia.eus
INPRIMATU
Errausketa baztertzen duen Hondakinen Legea onartu du Nafarroako Legebiltzarrak
  • Nafarroako Legebiltzarrak ekainaren 7an onartu du Hondakinen eta haien Fiskalitatearen Legea, Nafarroako 2017-2027 Hondakinen Plana osatu eta garatzera datorrena.

Xabier Letona Biteri @xletona 2018ko ekainaren 08a
Altsasun errausketaren aurka egindako manifestazio bateko argazkia.

Plana eta Legea oso aurrerazaleak dira hondakinen kudeaketan, besteak beste ekonomia zirkularra oinarri hartzen dutelako, errausketa baztertuz. Funtsean, Europar Batasunak agintzen duen gisan: prebentzioan –hondakinak gutxitzea–, berrerabileran eta birziklatzean indar eginez.

Legearen beste printzipio handietako bat da hondakinen kudeaketa eta erantzukizuna lotzen dituela, hau da, “kutsatzen duenak ordaintzen du”. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, esaterako, hondakin guztiak sailkatuta biltzea derrigorrezkoa izango da. Neurri horretan zailtasunik handiena organikoa sailka biltzea izango da.

Kutsatzeak esan nahi du hondakinak nahasian botatzea zabortegira, hori da legeak zigortzen duena eta mankomunitateek ordaindu beharko duten “kutsatze zerga”: 20 euro zabortegira tratatu gabe botatako zabor tonako. Hondakinen Plana eta atzo onartutako Lege honen arabera, 2027rako hondakinen %70 sailkatuta bildu beharko da Nafarroan. Erronka handia da kontuan hartuta gaur egun %34 biltzen dela sailkatuta. Zerga berri honetan bildutako diru honekin hondakinen prebentzio politikak bultzatzeko fondo bat sortuko da.

Aldaketak kudeaketa erakundeetan

Hondakinen kudeaketarako Nafarroa mailako egitura berria sortuko da. Honek Gobernua eta Mankomunitatea bilduko ditu, baina organo berri honetan tokiko erakundeek izango dute gehiengoa. Gaur egun kudeaketa lan hau Hondakinen Partzuergoak egiten du –orain desagertu egingo da– eta bertan gehiengoa Foru Gobernuarena da. Erakunde berriaren beste helburu garrantzitsu bat Iruñeko Mankomunitatea bertan izatea da. Ente berri honek mankomunitateei emango dizkien zerbitzuak, alabaina, borondatezkoak izango dira.

Lege honetan, halaber, debekuak jarriko dira komertzioan plastiko poltsak erabiltzeko, debeku arinak aurtengo uztailetik aurrera eta zorrotzak 2020ko urtarriletik aurrera.

Legea hau aurrera ateratzea Gobernua sostengatzen duten lau alderdien akordio programatikoan zegoen eta UPN, PSN eta PPren aurkako jarrerarekin onartu da.

Iaz jorratutako erreportaje honetan Hondakinen Plana zertan datzan azaldu zuen ARGIAk: Iraultza dakar Nafarroako hondakinen planak. Eta iragan martxoko beste honetan orain onartutako Lege honen oinarriak azaldu genituen: Kutsatzen duenak ordainduko du.