argia.eus
INPRIMATU
Errauskailuek kantzerra ugaritzeaz zientzialari espainiarren ikerlan berria
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2012ko abenduaren 13a
Errauskailuetatik hurbil minbiziz hiltzeko arrisku handiagoa dago ikerketaren arabera. Argazkian, Bizkaiko Zabalgarbi errauste planta.

Gaia mundu hispanofonoan hedatu du Basura Cero Bahia Blanca taldeak. Ikerlanean ikusten da aztertu direla errauste plantez gain txatarretan, zaborretarako utzitako autoen txatarretaratzean, olio eta oliokien tratamenduan, metal eta plastikoen birziklaketan, disolbatzaile usatuen berreskuraketan, ingelesez spent bath deitzen diren azidoen tratamenduetan, eta hondakin industrialak berreskuratzeko erabiltzen diren bestelako tramendu fisiko eta kimikotan ari direnak.

Ikerlanak hartzen ditu 1997tik 2006ra arteko informazioak, hondakinen amaierako 129 lantoki aztertuz (horien artean 14 errauste planta hiri hondakinak eta hondakin bereziak kiskaltzen ari direnak) eta 8.098 herri espainiarretako (tartean Hego Euskal Herriko) epidemiologiako datuak.

Metodo gisa, arakatu dituzte herri horietan 1997tik 2006ra 33 motatako kantzerrengatik gertatutako heriotzak. Herri horietako biztanleen kutsadurarekiko arriskua kalkulatu dute kutsadura iturritik herriraino dagoen distantziaren arabera. Besag–York–Mollié (BYM) eredua, Integrated Nested Laplace delakoa eta ikerlanean zehazten dituzten beste batzuk erabiliz, ikerlariek kalkulatu dituzte lantegi horien inguruko 5 kilometroen barruan minbiziz hiltzeko arriskua, analizatu industria horren izaeraren eragina eta analisi indibidualizatuak burutu instalazio bakoitzaren inguruko 50 kilometroen barruan.

PDF formatuan 14 orri betetzen dituen informearen amaieran, ondorioen atalean zera diote egileek:

“Gure emaitzek berresten dute honako hipotesia: estatistikoki nabarmenki arrisku gehiago dauzkatela bai gizonek eta bai emakumeek edozein kantzerrez hiltzeko, bizi baldin badira errauskailuetatik edo hondakinen tratamendu arriskutsuetatik hurbil dauden hirietan. Eta zehazki arrisku handiagoa daukatela urdaileko, gibeleko, pleurako, giltzurruneko edo obarioetako tumoreei dagokienez. Are gehiago, ikerlan hau lehenbizikoetakoa da Espainia mailan aztertzen kantzerrez hiltzeko arriskua loturik sail honetako industriaren jarduerarekin, eta erakusten nola dauden arrisku handiagoak industrion inguruetan: errauskailuen eta txatarra birziklatzeko, txatarratarako auto zaharrak birrintzeko, hondatutako pintura geruzak berriztatzeko eta olio hondarrak tratatzeko instalazioetan”.