argia.eus
INPRIMATU
Argazki bilduma
Errauskailuaren kontrako manifestazioa egin dute Hondarribian
  • Txingudi Bizirik! plataformak eta Errauskailuaren Aurkako Mugimenduak deituta, errausketaren kontrako manifestazioa egin zuten larunbat eguerdian Hondarribian. Hain zuzen, Txingudi Bizirik!ek gidatutako mugimenduak berak lortu zuen bertan eraiki nahi zuten errauskailuaren proiektua atzera botatzea. Zubietan egitekoa dutenerako ere asmo bera adierazi dute.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 06a

Giro alaia izan zuen manifestazioak. Eskualdetik zein Gipuzkoako beste herrietatik gerturatu zen jendeak oihu argia zabaldu zuen, “Errausketarik ez, ez Txingudin ez Zubietan”. Gainera, Gipuzkoako Diputazioari zuzendutako mezuak ere bidali zituzten, “Olano, entzun, ez Zubietan ez inon”. Diputazioak iragan astelehenean sinatu zuen obren adjudikazioa.

Manifestazioa amaitzerakoan hainbat adierazpen irakurri zituzten, eta ohartarazi zuten errauste planta eraikitzea “burugabekeria” hutsa dela. Ondorioen artean aipatu zuten isurketa toxikoak igortzen dituela airera, lurrera, eta elikadura katera, eta baliabide xahuketa handia eragingo duela. Herritarrek ordainduko duten “zilegitasunik gabeko zorra” salatu dute; 35 urtez 1.500 milioi euro ordainduko dituzte gipuzkoarrek zaborra erretzeagatik.

Zentzu horretan, azpimarratu zuten Txingudiko udalek, zein Gipuzkoako herri handi gehienek (Donostia, Eibar, Errenteria, Lasarte-Oria…) “ezer gutxi” egiten dutela gaikako bilketa bultzatzeko. Eskualde horietan, pertsona bakoitzeko 260 kilo hondakin botatzen dituzte zabortegira. Kontrara, Hernani, Usurbil edo Debagoienako herri ertain eta handietan 80 kilo baino gutxiago botatzen dituzte. Honela, azaldu dute Gipuzkoako arduradunen aldetik “borondate apur bat” balego, posible dela gaikako bilketa on bat egin eta erraustegirik gabe bizitzea.

Bideoa: Sutondoan

Argazkiak: Bittor Bengoa Altuna