Gipuzkoarrok Zubietako errauskailuarekin kezkatuta gaude, eta asko. Hori dela eta, Errauskailuaren Aurkako Mugimenduko kideak, behin eta berriro eskatzen ari gara gai horretan aditu direnen arteko eztabaida saio bat bai telebistan baita irratian ere. Aldiz, ikusten dugu horietan errauskailuaren aldekoek bakarrik dutela espazioa, hau da, Asensiok eta Olanok.
Beti adierazten dute sekulakoa izango dela, zenbat lanpostu sortuko dituen…
Beraiei komeni zaiena bakarrik azaltzen dute eta ezkutatu egiten dute garrantzizko informazioa. Izan ere...
- Nondik aterako da bi labeek beharko duten zabor guztia? Bideragarri izateko labe bakoitzak 100.000 tona behar baditu eta Gipuzkoan, gehienez
ere, 150.000 tona sortzen badira, nondik aterako dira gainontzeko 50.000 tonak?
- Zergatik kontratatu dute errauskailua eraikitzeko ustelkeriagatik ikertuta dagoen enpresa bat?
- Enpresa horrek zergatik ez ditu kontrolatuko atmosferara jaurtiko diren eta oso arriskutsuak diren 12 substantzia?
Asko dira ditugun kezkak. Eztabaida bat eskatzeko sinadurak jasotzeari ekin zion mugimenduak. 10.000 sinadura baino gehiago jaso ditugu eta horiekin joan gara EITBra eztabaida baten eske.
Bertako zuzendari den Edu Barinagaren erantzunak honakoak izan dira: sinadurek ez diotela ezer adierazten, e-mail batekin nahikoa zela, ikusi behar dutela ea horrelako eztabaida bateko nahikoa audientzia izan dezakeen… eta, gainera hori ezin duela berak erabaki.
Barinaga zuk diru publikotik kobratzen duzu eta gu horren parte gara. Ez ezazu gaia saihestu, errauskailuaren aurka gaudenok ere EITBn entzunak izateko eskubidea dugu. EiTB publikoa baita, edo ez?
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbidera