argia.eus
INPRIMATU
Errauskailua ez eraikitzeagatik, Gipuzkoa kalteordainak pagatzeko prest
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean prentsaurrean azaldu dira Marin Garitano ahaldun nagusia  eta bozeramaile izateaz gain Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatua den Larraitz Ugartek, adierazteko prest daudela Zubietako errauste plantaren eraikitzea kontratatu zitzaien enpresekin negoziatzeko dagokien kalte-ordain ekonomikoa.

ARGIA @argia 2013ko otsailaren 26a

BerriaDiario VascoGaraEl Pais eta Noticias de Gipuzkoa egunkariek eman dute horien berri, eta Aldundiaren prentsa bulegoak bildu ditu bi agintarien adierazpen zati luzeak.

Hasteko, Eusko Jaurlaritzak Pasaiako kanpo portua eta Donostiako Metro deitua eraikitzeari uko egitea ontzat hartu dituzte Aldundiaren ordezkariek: “Guretzat pozgarria da proiektu horiek ez egitea, eta argi dugu ez egitearen atzean ez dagoela bakarrik momentu ekonomikoaren eragina. Alegia, ez da soilik dirurik ez dagoelako, baizik eta proiektu horiek benetan ez direlako beharrezkoak: hori da funtsezko arrazoia. Beharra dagoen tokietan egin behar direla esfortzuak, eta benetan behar denerako, onura soziala ongi neurtuta”.

Hari berari jarraikiz zera defenditu dute Garitano eta Ugartek: “Azaldutako guztiak oso agerian uzten du orain arte indarrean egon den ereduaren porrota. Porrot egin du neurrigabeko hazkunde zentzugabean oinarritutako ereduak eta hori gero eta nabarmenagoa da. Horren aurrean Foru Gobernu honek bestelako eredu bat defendatu du hasieratik, bestelako gizarte bat lortzeko eta gaur egungo egoera ekonomiko honetatik denok batera ateratzeko, inor bazterrean utzi gabe. Krisi ekonomikotik ateratzeko ahalegin berezia egiten ari gara, beste eragile askok bezala, herritarren mesedetan eta ez gutxi batzuen interesen alde”. Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote inbertitu dezala Gipuzkoan EuskoTrenen zerbitzua hobetzeko eta Pasaiako badia berpizteko.

Errauskailua ez eraikitzeagatik egokituko liratekeen kalte-ordainei dagokienean, bestalde, Eusko Jaurlaritzak eraiki gabe utziko dituen beste azpiegitura handi horiekin egin dute paralelismoa Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek: “Aurreko agintariek hartutako erabaki okerrekin aurrera jarraitzea baino askoz zentzuzkoagoa da proiektuaren onura sozialak aztertzea, eta gipuzkoarrei hipoteka jasanezina ekartzen badie, badute bertan behera uztea”.