Konputazio kuantikoa finkatzea, adimen artifiziala/superadimena suspertzea, industria 6.0, osasun eta zaintza digital pertsonalizatua, 7G, bioingeniaritzaren iraultza, androide ikertzaileak… Urte gutxitan teknologia digitalen berrikuntza eta adimen artifizial edo superadimenak ezagutzen ez dugun eta agian imajinatu ere ezin dugun Euskal Herria irudikatuko dute.
Eraldaketa digitalaren tsunami horretan eta aurrerapen teknologikoek pertsonen bizitzan gero eta eragin handiagoa duten mundu honetan, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako (STEM) adituen beharra nahitaezkoa izango da, eraldaketa digital hori guk egitea nahi badugu behintzat. Beharrezkoa izango da STEM talentua sortzea, egokitzea, atxikitzea eta erakartzea, harrobi teknologiko digitala sortu beharko dugu, orain zoritxarrez ez duguna. Eta talentuaren behar horretan, emakumeek zein toki izango duten eta zertarako hausnartu beharra dago, iraultza digital honetan emakumeak erabiltzaile soilak izango diren edo barrenetik eraldaketa digitala sortzeko, garatzeko, eraikitzeko eta eraldatzeko gaitasuna eta ardura izango duten.
Emakumeak erabiltzaile soilak izan behar badute, orain arte bezala jarraitzea nahikoa izango da, baina herri honen eraikuntzan parte hartzaile aktibo izan behar badira, emakumeek ekarpenak egingo badituzte, garatzaile teknologiko izateko lan itzela daukagu. Eta gero eta kontzientzia gehiago dago, bai, zorionez, baina kontzientzia hutsa da, eta errealitatea aldatzeko politika irmoak falta dira.
Datuek ez dute itxaropenerako zantzurik ematen. EUSTAT-ek 2021/2022 ikasturtea aztertuta, otsailaren 9an datuak atera ditu: batxilergoan Zientzia eta Teknologia aukeratu dutenen kopurua handiagotuz doa, %51,4 izan zen, baina Humanitate eta Gizarte Zientzietako batxilergoan nesken presentzia nabarmenagoa da, %62.
Emakumeek zaintza eta osasunarekin erlazionatutako arloetan nabarmentzen jarraitzen dute, eta eraldaketa digitalari lotutako ikasketa eta lanbideetan oso presentzia urria dute
Unibertsitateetako matrikulazioetan, Osasun-zientzien %78 emakumeak dira eta aldiz, ingeniaritza eta arkitekturan %29 ez dira heltzen. Eta datu esanguratsua, elektronika, informatika edo mekanika bezalako ingeniaritzetan, %20 baino gutxiago.
Goi-mailako Lanbide Heziketako datuekin ere antzerakoa da eszenatokia, osasunera emakumeen %77 eta kimikara %63,4. Eta aldiz, elektrizitatea eta elektronikan %7,1, fabrikazio mekanikoan %11 edo informatika eta komunikazioan %15,1.
Langile gehien dituen jarduera Ingeniaritza eta Teknologia izanik, (I+Gko guztizkoaren % 63,6) emakumeak langileen %28 baino ez dira.
Datu horiekin, etorkizun latza aurreikus daiteke, benetan kezkagarria. Emakumeek zaintza eta osasunarekin erlazionatutako arloetan nabarmentzen jarraitzen dute, eta eraldaketa digitalari lotutako ikasketa eta lanbideetan oso presentzia urria dute.
Eta emakumearen bertaratzea eremu teknologikoan ez da egun batetik bestera egingo. Neskak haurrak direnetik hasi behar da lanketa sakona egiten, estereotipoak suntsitu, gaitasun espazialak landu, jostailuek generorik ez dutela erakutsi, teknologiarekin pertsonen bizitzak hobetu daitezkeela adierazi, emakume erreferenteak aurkeztu, eta gertukoak badira hobe, neskak ahaldundu, muga gabeko imajinarioak zabaldu eta nahi dutena izan daitezkeela sinestarazi.
Herri honek aurrera egin dezan eta etorriko diren erronka berriei aurre egiteko, emakumeak eta neskak beharko ditugu. Emakumeak iraultza honen protagonista izan behar dira, beraien iritzia, egiteko modua, esperientzia eta ikuspegia txertatu behar dira eraldaketa digitalaren garapenean, emakume teknologoen aztarna bermatu behar dugu eraikitzen ari garen etorkizuneko Euskal Herri horretan.
Xabi Solanoren abestiak dioen bezala, “Erre zenituzten sorgiñen oinordeak gara gu. Erre zenituzten sorgiñen erratzak guk dauzkagu...”.
Erratz horiek erratz digital bilakatu beharko dute eta gure erantzukizuna da erratz digital horiek feminismo-digitalez konfiguratzea, adimen artifizialak, superadimenak eta etorriko diren teknologia digital guztiak ekar ditzaketen alborapen guztiak, diskriminazioak suntsitzeko, euskara ingurune digitalean bermatzeko, nazio gisa kokatzeko, digitalizazio berdea lehenesteko eta, nola ez, egiten dugun eraldaketa digitala etikoa izan dadin; finean, nahitaez pertsonak eta natura erdigunean jar ditzagun.
Erratz digitalak, emakumeek ere ekarpen digitalak egin ditzaten eta historiako aro askotan ez bezala, lidergotik eta feminismo teknologikoaz bizitzea tokatuko zaien Euskal Herriaren protagonista izan daitezen.
Neska eta emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunean,
Lore Martinez Axpe, Eusko Alkartasunako afiliatua eta EH Bilduko legebiltzarkidea