Euskararen egoera soziolinguistikoa aztertu, eta Kultur Erakundeko lehendakaria eta Eusko Batasuna alderdiko kide izan zen. Astelehenean zendu zen 96 urterekin.
Euskaltzaindiak jakinarazi du Erramun Baxok hizkuntzalaria eta ohorezko euskaltzaina astelehenean zendu zela 96 urterekin. 1928ko abenduaren 26an sortu zen, Suhuskunen (Nafarroa Beherea). Euskal Herriko pedagogiaren, soziolinguistikaren eta kulturaren aldeko proiektu askotan parte hartu zuen Baxokek; hala nola Ipar Euskal Herriko euskararen egoera soziolinguistikoa aztertu zuen, 1995etik 2005era Kultur Erakundeko lehendakaria izan zen eta Eusko Batasuna alderdiko kidea ere. Euskaltzaindiak ohorezko kide izendatu zuen 2010ean.
Etxeko hizkuntza euskara bazen ere, frantsesez egin zituen ikasketak. Filosofian lizentziatua da Estrasburgoko unibertsitatean eta filosofian doktorea Montrealgo Unibertsitatean. Gaztea zelarik Frantziara eta Kanadara joan zen bizitzera. Hala ere, betidanik izan du sorterriarekiko eta euskararekiko kezka. Hori dela eta ikerketa ugari egin ditu; hala nola elebitasunak euskaran duen eragina, euskal kultura eta nortasuna XXI. mendean eta gazteen eta euskararen arteko harremanak aztertu ditu.
Horrez gain, Soziolinguistika Klusterreko sorreran izan zen. Quebecetik (Kanada) bueltatu ostean, Baxokek proposatutako ideia batetik sortu zen Soziolinguistika Klusterra. Xedea da ezagutza soziolinguistikoa ikertzea, zabaltzea, gabeziei eta beharrei erantzuteko dinamikak eta tresnak sortzea eta euskara biziberritzeko erreferentziazko ikergune izatea.
Euskal nortasunaz, unibertsitatean euskarak duen presentziaz, Frantziako hizkuntzaren legeaz eta bestez mintzatu zen, 2021ean ARGIAn egindako elkarrizketan.