argia.eus
INPRIMATU
Erraldoien familiari zein pertsonaia gehituko zenioke?
  • Sanferminetako zortzikote ezagunetik harago, Euskal Herriko txoko askotan jaien elementu ezinbesteko bihurtu dira erraldoiak, eta hainbat herritako konpartsetan pertsonaia berriak gehitzen ari dira azken urteetan. Herriaren –eta haurren– imajinarioan parte inportante diren heinean, zein eta nola irudikatu nahi dugun pentsatzeko aukera ederra da.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko uztailaren 12a

Tradizioek, sinboloek, erritualek… berebiziko garrantzia dute festetan, eta hainbat errealitate erreproduzitzen eta transmititzen dituzte. Tradizio, sinbologia eta erritual horien parte dira, dagoeneko, erraldoi, buruhandi eta kilikiak. Garai batean boterearen erakusgarri, herriko idiosinkrasia eta folklorea izan ohi dute ardatz erraldoiek, baina denetarik aurki daiteke: errege-erreginak asko, ogibideak irudikatzen dituztenak ugari, jantzi tradizionalak darabiltzaten andre-gizonak, pertsonaia mitologikoak, naturari loturikoak, herriko pertsonaia historikoen kasuren bat edo beste ere bai (Luis Mariano erraldoia Irunen, Lazkao Txiki buruhandia Lazkaon…).

Aitzakia ona da, erraldoietan errepresentatzen diren pertsonaiak, gorputzak, izaerak eta sinboloak aztertzeko, aniztasuna handitzeko eta bai herriak bai haurrek izango dituzten erreferentziak aberasteko

Azken urteetan, errepresentazio berriak gehitzen joan dira hango eta hemengo herri eta konpartsetan, batzuetan erraldoiez arduratzen den elkarteak berak erabakita, bestetan udalak, hainbatetan proposamenak aurkezteko deialdi bidez. Aitzakia ona da, haurrak protagonista izango dituen prozesu parte-hartzaile baten bidez adostea erraldoi berriak, horietan errepresentatzen diren pertsonaiak, gorputzak, izaerak eta sinboloak eztabaidatzeari atea zabaltzeko, aniztasuna handitzeko eta bai herriak bai haurrek izango dituzten erreferentziak aberasteko.

Zure herrian, zein erraldoi dituzue? Zein dituzte gustuko inguruko umeek? Zein erreferentzi eta irudi gehituko zenioke erraldoien familiari?