Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea izan zen. Ikusi behean ekitaldiaren bideoa eta argazki-galeria.
Gros auzoko konpartsak jarri zituen erraldoi parea eta txistulariak. Haiek eman zioten hasiera ekitaldiari, Biteri plazan. Dantzan hasterako, ume zurrunbiloa zuten inguruan erraldoiek. Kalejiran abiatu ziren denak, kalez kale Txofre plazaraino. Txistularien erritmora, gogotsu dantzatu zuten erraldoiek –erraldoia eramaten aritu ziren gazteek, hobeki esanda–, jira-bira azkarrek txalo zaparradak eragin zituzten, eta asko izan ziren erraldoien ondoan argazkia atera nahi izan zutenak edota horien gonazpian sartu zirenak, erraldoien barrunbeak esploratu nahian.
Hamarnaka familia bildu ziren Txofren, eta bertan egin zuten liburuaren aurkezpena egileek: Gorka Bereziartua kazetari eta idazleak, eta Adur Larrea ilustratzaileak. Gorka Bereziartuak, mikrofonoa eskuan, istorioa harilkatzen zuen bitartean, kontakizuna marrazten jardun zuen Adur Larreak, arbelean. Aurrean, haur kuadrilla ederra zuten, adi-adi.
Liburua erosteko mahaiaren bueltan ilara luzeak sortu ziren ondoren, denek nahi zutelako egileen sinadura, ilustratzailearen irudi bat tarteko. Lan eta lan aritu ziren autoreak… eta baita txikienak ere: umeek barrutik marrazteko, mozteko eta maskara sortzeko Adur Larreak berak perfilaturiko irudiak margotu eta margotu aritu ziren haurrak (Braulia, zezena eta Tartalo erraldoien, eta Caravinagre buruhandiaren maskarak). Arrakasta ikusita, Durangoko Azokara eta liburua aurkezteko gainerako ekitaldietara ere eramango ditu maskarak ARGIAk, ipuina erosten dutenei oparitzeko.
Gogoratu liburua eskuragarri duzula Argiaren Azokan. Informazio gehiago nahi baduzu, egileei egindako elkarrizketa argitaratu dugu berriki: "Haurrek errazago barneratzen dituzte magia eta ezustekoa".
Jarraian, ekitaldiaren inguruan egindako bideoa eta Dani Blanco argazkilariak ateratako argazkiak: