argia.eus
INPRIMATU
Erraldoiak
  • Mundua larri bizi den bitartean COVID-19aren kalteengatik (heriotzak, langabezia, enpresen itxierak, ziurgabetasuna…), kapitalismo finantzarioak jarraitzen du jolasten ea zein den denetan handiena, milaka langilerentzat ondorio negatiboak izan arren.

Juan Mari Arregi 2020ko azaroaren 19a

Berriki, joko horretan sartu da BBVA euskal jatorriko bankua –Banco Bilbao 1857an sortu zen, geroago Banco Vizcayarekin bat egin zuen, eta azkenik Argentariarekin–. Espainiako Estatuan, fase hori Bankia eta Caixabankek hasi zuten duela gutxi, eta ondoren Liberbank eta Unicajak segi zioten.

Orain, BBVA eta Sabadell bankuek euren arteko negoziazioak hasi dituzte. Eta edozein unetan Santander banketxeak ere pausoa emango du erraldoi handiagoa izateko. Dagoeneko 4.000 langilerentzako enplegu-erregulazioko espedientea eta bulegoen %30 ixtea negoziatzen ari da.

Espainiako Estatuko bankuek zergadunei 60.000 milioi euro zor dizkiete 2008ko erreskateagatik, eta orain jendaurrean agertzen dira, negozio handiena nork eskuratzen duen ikusteko. Noiz itzuliko dute erreskatearen faktura? Espainiako Gobernua, PSOE eta Podemos dira erantzuleak.

Kapitalismoa, kasu honetan finantzarioa, ez da arduratzen erraldoien joko horiek daramatenaz. Etekinik handiena bilatzen dute, kosturik txikienarekin eta akziodunei dibidendu onak banatu ahal izateko, horretarako milaka bulego itxi eta beste milaka lanpostu deuseztatu behar badituzte ere. Aski da gogoratzea 12 urtetan banku horiek beren bulegoen %50 itxi dutela eta langileen %37 kaleratu. 2008an 276.497 langile zituen sektoreak, bada 115.000 kaleratuak izan dira.

Munduko kapitalismoaren guru batek, Klaus Schwab Munduko Ekonomia Foroaren sortzaileak, zera esan du: "Krisi sozialak eztanda egiteko arriskuak kezkatzen nau”. Dirudienez, banku erraldoiak ez daude hain kezkatuta.