argia.eus
INPRIMATU
Erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta aurkeztuko dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua, ostiralean Donostiako Grosen
  • Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko azaroaren 05
Dani Blanco

Azaroaren 8an, 17:00etarako prest izango da Groseko konpartsa, auzoko Biteri plazan. Hortik abiatuta, Katalunia plaza, San Frantzisko kalea eta Segundo Izpizuatik igarota, Txofre plazara kalejira egingo dute erraldoi eta buruhandiek, eta amaiera puntuan ere izango da dantza eta festa.

Tarte batean, 17:45 inguruan, ARGIAk berriki kaleratu duen haurrentzako ipuina aurkeztuko dute Gorka Bereziartua kazetari eta idazleak, eta Adur Larrea ilustratzaileak. Baten hitzak eta bestearen marrazkiak tarteko, ekitaldia haur eta helduen gozagarri izatea espero dugu.

Jakina, Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira liburua eskuragarri izango da bertan, eta erostera animatzen direnek (edo dagoeneko erosia dutenek eta ekitaldira liburua eramaten dutenek) autoreek eurek sinaturiko eta marrazturiko alea eraman ahal izango dute etxera.

Erraldoiak, haur kuadrilla, hegazti bat… eta magia asko

Gorka Bereziartua eta Adur Larreak ondutako istorioan, Alajaineta herriko jaiak datoz, baina aurten inork ezin ditu erraldoiak kalean dantzatu, eskerrak Izar, Ainubi eta Etxahun gai diren gauza miragarriak lortzeko, Kukutturlio maskotaren laguntzaz.

Irakurri egileei eginiko elkarrizketa: "Gauza berriak probatzeko atea apur bat zabaltzen saiatu gara"

Liburua eskuratzeko, sartu ARGIAren Azokan.

 Groseko erraldoi eta buruhandien konpartsa