argia.eus
INPRIMATU
Erraki sortu dute, gune autogestionatuen babes sarea
  • Sare sozialen bidez publiko egin duen idatzi baten bidez eman du bere burua ezagutzera Errakik. "Langileen autoantolaketa ardatz duen tresna politikoa” dela adierazi dute.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 15

Euskal Herriko gaztetxeek, etxebizitza okupatuek edota komunitate politikoek pairatzen dituzten erasoei aurre egiteko beharrak bultzatuta jaio da Erraki. "Desalojoak, argi eta ur mozketak, jarduerak aurrera eramateko trabak, mehatxuak, isunak eta kriminalizazioa" pairatzen dituztela kontuan izanda, erasoon aurrean babes sare bat sortzeari ekin diote. Autoantolakuntza izango du sareak ardatz, “beharrizan material eta politikoak asetzeko bitartekoa”.

“Elkarrekiko lehian oinarritzen den gizarte sisteman hil ala bizikoa zaigu klase elkartasuna ardatz izango duten babes-sare eraginkorrak martxan jartzea. Burgesiak ezartzen dizkigun bizi baldintza miserableetatik babestea. Gune autogestionatu bat erasotzen dutenean langileria kolpatzen dutelako bere osotasunean. Erraki pausu bat gehiago da norabide horretan”, adierazi dute.

Helburu nagusitzat jo dute “gune autogestionatuek modu isolatuan dituzten mugak gainditzea eta klase elkartasunaz euren burua defendatzeko mekanismoez hornitzea”. Aurreratu dutenez, helburu horri jarraituz lan lerroak garatuko dituzte.

Aurkezpen bideoa: