Konfinamenduari aurre egiteko gomendio sorta bat idatzi dute Donostiako Gros auzoko zenbait preso politikok. Jarraian osorik irakurgai idatzi duten gutuna.
"Itxialdi baten ezaugarririk behinena norbera ohikotasunetik atera egiten duela da.
Errail batetik mugitzen gara, oro har. Nor beretik. Eta errail horiek gabe galduta egongo bagina bezalako sentsazioa izan ohi da. Baina itxialdian beste errail batera pasa gaitezke norberak eraikitzen doan errutinaren bidez. Errailak errutinak baitira, izan. Eta hori egiteko edo garatzen joateko gaitasuna denok dugu.
Herri okupatua garenez eta erabateko kolonizaziotik gertu gaudenez, muturreko egoeretan ere arrotz zaizkigun botereen menpekoak gara. Ez ginen burujabeak eta ez gara. Baina, hori horrela izanik ere, errealitate horren pertzepzioa, askotan oharkabe samar pasatzen dena, areagotu egiten da oraingoa bezalako "muturreko" egoera batean. Gehien-gehiena goitik behera datorkigu. Egoeraren irakurketa, erabakiak, jendartearen manipulazioa, mugak, askotariko kohertzioaren erabilera... Dena inposaketaren bidez helarazten digute. Sentsazioa, ustez genuenaren kontra, gure bizitzak gure kontrolpetik at daudela izan daiteke, putzu horretan plixti- plazta aritzeko ordu piiiiloa dugularik, gainera.
Horiek horrela, erraza da etxe barruko itomena sortzea norberaren baitan. Desoreka, sosegurik eza, larritasuna, urduritasuna... Azken batean, ez gabiltza-eta geure errailetatik...terra incognita moduko batean baizik.
Baina honek guztiak ez du zertan horrela izan. Baditugu zenbait tresna egoerak eragiten digun larritasun horri aurre egiteko.
Gu egunez egunekoan zentratuko gara. Egunekoa ardatza izanik, horrexek baitauka garrantzi gehien. Egunez egun joan egunekoa egiten, batez ere. Bestela, kalera eta ohiko jardunetara itzultzeko eguna egutegian begiratu ahala urrunduz doan zenbaki bat baino ez da izango. Luze jo dezake honek txipa aldatu ezean.
Eta, kasu, geuk finkatutako errutina ordutegian mugituz, biziz, berriz ere "estrukturatuta" gaudelako sentsazioa izango dugu. Baina ez da sentsazio hutsa, egia baizik: estruktura hori eraikiko dugu eta, horren bitartez, egunotarako propio sortutako errailetan joango gara.
Horretan ari ez denak erronka handixeagoa dauka, baina guztiz egingarria da.
Berori dena delakoa izanda ere, osagai hauek ere izan beharko lituzke:
1- Ariketa fisikoa: hemen denak balio du. Etxetik ibili, bizikleta estatikoa, sokasaltoa, zunba, yoga, pesak…
2- Luzaketak: ezohiko egoeretan gorputzak, autobabes gisa, uzkurtzera egiten baitu eta honek ondoeza fisiko-psikikoa eragiten du. Ordenagailuaren aurrean dabilenari ere berdin gertatzen zaio. Hortaz, giharrak-zurdak lu-zaa-tuuu egin behar dira.
3- Arnasketa: arnasketa osoa eta konszientea. Honek emango digu oxigeno plus bat gihar-zurdetan zein garunean. Eta OSO eraginkorra da antsietatea eta gehiegizko estresari aurre egiteko.
Kontuan izan, aipatutakoaz gain, gauera-sofara-ohera neke puntu batez iristea lagungarria izango dela lo hobeto egiteko.
Orain dugu aukera, hau da unea! Pintatzen hasi (koadro bat zein hezetasunak jaten hasitako gelako txoko hori...), maketak egin (musika, diaporama, proiektu...), irakurketa (normalean irakurtzeko denborarik izaten ez dugun liburu horiek eta beste), gaitasun berriren bat jorratu... Hemen denak du lekua, gogoen eta inguruan ditugun gauzen arabera. Muga bakarra, eskuarki, geu baikara.
Zenbat eta garbiago jan, hobetu funtzionatuko dute gure sistema guztiek (odol-zirkulazioak, arnas-aparatuak, defentsek, nerbioek, urdail-aparatuak…) Baina, jakina, apeta goxoentzako tartetxoa ere izan behar da, horiek salbuespena izango badira ere. Bekatuan sano…
Gauetan arazoak handitu egiten dira, horregatik komeni da ohera ahalik eta lasaien sartzea. Bestelako kontuekin buruan, irakurri dugun ipuinaren edertasuna, ligatu genuen gau polit horren oroitzapena, plazerra sentitu (nork bere buruari emandakoa edo besteengandik jaso eta besteei emandakoa... aukeren arabera)... garrantzitsua, utzi alde batera mugikorrak, ordenagailuak eta bestelako aparatu elektronikoak ohera sartzeko garaian, aztoratu egiten gaituzte eta.
Gerta daiteke haserre sentitzea, horregatik, komunikatzeak berebiziko garrantzia du. Askotan ingurukoekin hitz egiten hasita nabariko dugu haserrea baretzen dela. Maiz ez dugu jakingo nola hasi komunikatzen, eta kasu honetan erabat zaurgarri azaltzea da egokiena: "haserre nago eta ez dakit norekin, ez eta zergatik ere" esaldiak ireki lezake bidea. Estres handiko egoerak dira hauek, nahiz eta ez den agerikoa.
Komunikatzeari uzteko tentaldia izan daiteke burumakur sentitzeagatik, gogo ezagatik... Eta gure-gurea den ezaugarria indargabetuko genuke horrela. Izan ere, izaki sozialak garen heinean, interakzioa, elkarrekintza...beharrezkoak ez ezik, ezinbestekoak ere ditugu.
Laguntzeko prest gaude, baina prest al gaude laguntza eskatzeko? Ez da galdera erretorikoa, hausnarketa eskatzen duena baizik.
Komunitatea eraikitzen badihardugu, eta ari gara ari garenez, komunitate horren parte garenez, komunitateak dituen antzeko edota behar berberak izango ditugu geuk ere.
Eguna beteta izateak balio du, orokorrean. Eta berdin balio dezake kontrakoak. Oreka eta norberari balio zaiona, horra mamia. Garrantzitsuena, beraz, ditugun espazio eta denboran nork bere burua ahalik eta egokien kudeatzea da.
Ez dago formula eraginkor bakarra. Balio duena da bakoitzari balio zaiona. Izan daitezke oso modu diferenteak, are kontrajarriak ere eta, hala ere, ondo funtzionatu.
Askotan, ordulariak markatzen duen denbora eta harekiko gure pertzepzioa ez doaz batera. Erlatibitatearen eragina da hori.
Hori aldatzeko, ordea, aski da begirada gure txilborretatik altxatzearekin: besteengan, beste gauzetan zentratu eta, zentzurik onenean, geure buruaz ahaztu. Kontraste gisa, introspekzio sakon baterako unea ere izan liteke hau. Fokua non jartzen dugun, horrexek ezaugarrituko du nola pasako ditugun egun hauek.
Bada, hemen gaude elkar laguntzeko".