argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Emakume Gazteen kontrako Sexu Indarkeriari buruzko I. Azterketa
Erradikalizatzen ari den matxismoari aurre egiteko fokua gizonengan jartzea proposatu dute
  • Sexu-erasotzaile gehienak biktimaren inguru sozialekoak direla eta “kaleko bortxatzaile mamuaren ideiatik” aldendu beharra dagoela nabarmendu du Nafarroako Emakume Gazteen kontrako Sexu Indarkeriari buruzko I. Azterketak. Ikerketak gazteengan jarri du arreta, “sakonera zabaleko erradikalizazio patriarkalaren eta matxistaren diskurtsoak” nagusitzen ari direlako. “Fokua aldatzea” proposatu dute, matxismoaren eta erasoen aurka gizonak "inplikatzeko".

Julene Flamarique 2025eko urtarrilaren 28a
Patricia Abad, Felix Taberna lehendakariordea eta Rut Iturbide, Nafarroako Emakume Gazteen aurkako Sexu Indarkeriari buruzko I. Azterketaren aurkezpenean. Nafarroa.eus

Nafarroako Emakume Gazteen kontrako Sexu Indarkeriari buruzko I. Azterketaren ondorio nagusiak aurkeztu ditu astelehenean Felix Taberna Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak, Patricia Abad NABI Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari gerenteak, Rut Iturbide Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleak eta azterketaren koordinatzaileek. Nafarroako emakume gazteek gaur egun bizi duten sexu-indarkeria aztertzea xede duen azterlanaren arabera, iaz 369 emakumek aurkeztu zituzten sexu-indarkeriagatiko salaketak, horietatik %70 30 urtetik beherakoak.

Azterketan  datu ofizialen analisi kuantitatiboa (poliziak, gizarte eta osasun-zerbitzuek emandakoak) eta kualitatiboa (14 urtetik 29 urtera bitarteko emakume gazteen lau talderekin egindako talde-elkarrizketetan oinarritua) uztartu dituzte, etorkizunean sexu indarkeriari aurre egiteko estrategiak garatzeko.

Mugimendu feministaren aurrera pausuek “berrarmatze kontestatario matxista” ekarri du, azpimarratu dute, eta horren agerpena emakumeen aurkako indarkeriak areagotzetik pasatzen dela azaldu, “mekanismo eta estrategia berrien bitartez”.

Sexu-erasotzaile gehienak biktimaren ingurukoak dira

Iaz aurkeztutako 369 salaketetatik 150 salaketa baino gehiago adin txikikoenak izan ziren, eta 110 inguru 18 eta 29 urte bitarteko gazteenak. “Kaleko bortxatzaile edo erasotzaile mamuaren ideia iruditegitik baztertzearen garrantzia” azpimarratu du Iturbidek, azterketak aditzera eman baitu sexu-erasotzaile gehienak biktimaren inguru sozialekoak direla; iazko sexu erasoen %89a biktimek ezagutzen zituzten pertsonek egin zituzten. Ikerketak jasotzen duenez, sexu indarkeria espazio guztietan ematen bada ere, batez ere familietan eta aisialdi guneetan ematen da. Tabernak ere gehitu du errealitate hau “unibertsala dela, kultura eta lurralde mota guztiei eragiten diena”, eta nabarmendu du emakume ahulenak direla, hala nola adin txikikoak, etorkinak edo buruko gaixotasunak dituztenak, indarkeria sexuala gehien pairatzen dituztenak.

2024an 2023an baino 13 salaketa gehiago egon ziren (356). Sexu indarkeriaren salaketek etengabeko gorako joera izan dute azken urteetan. Kontzientziazio, ezagutza eta detekzio handiagoa eta sexu-indarkeria egoera baten aurrean zerbitzu espezializatuetara jotzen duten emakumeen kopuruaren gorakada ere eman delako, txostenaren arabera.

Gazteen egoera "konplexua”

Sexu-erasotzaileak biktimak baino zaharragoak izan ohi dira, erasotzaileen batez besteko adina 30-49 urtekoa baita (%38,9 2018-2022 laurtekoan). Azken bost urteetako salaketen hazkundea adin-talde gazteenetan da nabari: 2023an 17 urtetik beherakoen aurkako 142 salaketa, 18 eta 29 urte bitarteko 115, 30 eta 49 urte bitarteko 74, 50 eta 64 urte bitarteko 21 eta 65 urtetik gorako 2.

Iturbidek adierazi du egun gazteek “egoera konplexu samarra” dutela, “berdintasunean aurrerapen asko egin diren arren, espektro eta sakonera zabaleko erradikalizazio patriarkalaren eta matxistaren diskurtsoak” nagusitzen ari direlako. Tik Tok, Youtube Shorts, eta Instagrameko bezalako plataformen edo "porno mainstreing" bidez iristen zaizkie gazteei diskurtso matxistak. “Erabat desnaturalizatuak diren egoerak eta giza eskubideen urraketak naturalizatu” ditugula azaldu du irakasleak, “informazio-intoxikazio handia dugulako eta informazio hori lantzeko irizpide gutxi”. Iturbidek ohartarazi du neska askok ikusten duten pornoa dagoela, “sexu-harremanetan zer egin behar duten jakiteko”.

Ondorioak

Azterketak “premiazkotzat” jotzen du gizonak sexu-indarkeria mota ezberdinen aurkako borrokan inplikatzea, fenomenoaren izaera estrukturala aldatzeko eta biktimek bizitako esperientzien larritasuna ukatzen, deslegitimatzen edo minimizatzen duten diskurtsoak saihesteko. Sexu indarkeria “oso naturalizatua eta isilarazia” dagoela nabarmendu du azterketak, eta “fokua aldatzea” proposatu dute, “gizonak inplikatuz indarkeria horien prebentzioan, detekzioan eta abordatzean, eta emakumeei erantzukizuna kenduz”.

Sare instituzionaleko lana indartzea ere planteatzen du txostenak, bai eta mugimendu feministarekin eta gizarte zibil antolatuarekin proiektu eta estrategia bateratuak sortzea.

NABIko zuzendariak, Patricia Abadek, azaldu du ikerketaren xedea “egoera modu kritikoan aztertzea” izan dela, geroago ematen diren proposamenak errealitatetik “deskonektatuta” egon ez daitezen. Beste aldagai batzuei ere arreta berezia jartzea proposatu du, migrazioa edo landatartasuna kasu.