argia.eus
INPRIMATU
Erradiazio guztiak ez dira berdinak: 5G teknologia eta osasuna
  • Azken hilabeteetan 5G teknologiarekin lotutako informazio asko argitaratzen ari da hedabideetan, dagoeneko oso interkonektatuta dagoen mundu batean telefonia mugikorrak emango duen hurrengo jauzia iragarriz. 5Gak osasunari eragin diezazkiokeen ustezko kalteak dira jarraipen mediatiko horren puntuetako bat. Baina, benetan kezkatzeko motiborik badago?

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 24a

Hala uste dute hainbat zientzialarik argitaratu duten txosten batek, joan den astean informatu genuen moduan. Baina beste zientzialari askok debaldeko alarmismotzat jotzen dute 5Ga gaixotasun larriekin lotzen duen tendentzia, ildo hori defendatzen dutenek ebidentzia zientifikorik ez daukatela argudiatuz.

Urte luzetan plaza publikoan eztabaidagai izan da: telefono mugikorrak minbizia eragin dezake? 2018ko urrian argitaratu zen AEBetan auziari buruz egindako esperimenturik handientzat jotzen dena, zeina 30 milioi dolar kosta zen (26 milioi euro baino gehiago). Ikerketak irrati-frekuentzia bidezko erradiazioaren eta arratoi arren tumoreen arteko lotura bazegoela ondorioztatu zuen, baina azpimarratu zuten esperimentuan erabilitako animaliek jasan zituzten esposizio-denborak eta mailak askoz handiagoak izan zirela pertsonok telefono mugikorra erabiltzean eduki ditzakegunak baino.

Erradiazio motak

Telefonia-sareek eragin ditzaketen osasun-arazoen inguruko kezken erdigunean irrati-frekuentzia bidezko erradiazioa dago. Espektro elektromagnetikoan emititutako edozer da, berez, erradiazioa. Eta, hortaz, irrati-frekuentzia bidezko erreadiazioak ez du bere horretan zertan arriskutsua izan. Argitu beharreko auzia da zein baldintzatan izan dezakeen eragin kaltegarriren bat giza-osasunean.

Zientzialarien artean kontsentsuzkoa den ikuspegiaren arabera, gakoa honakoa da: erradiazioa ionizatzailea den ala ez. Ionizatzailea ez den edozein erradiazio ahulegia da lotura kimikoak puskatzeko. Kategoria horren barruan leudeke erradiazio ultrabioleta, argia, izpi-infra-gorriak eta frekuentzia baxuko uhinak, irratiarenak adibidez. FM irratia, besteak beste, eremu honetan sartuko litzateke, haririk gabeko internet konexioak bezala. Mikrouhinak dira salbuespenetako bat: ionizatzaileak ez diren arren, ehunak kaltetu ditzakete. Aldiz, ultrabioletatik gorako frekuentzietan dauden X izpiak edo gamma izpiak ionizatzaileak dira.

Esnatu zenean, eztabaidak han jarritzen zuen

Bereizketa horren barnean, telefonia sare mugikorrak uhin ez-ionizatzaileen eremuan kokatzen dira. Horretan oinarritzen da sare mugikorren kaltegabetasuna defendatzen dutenen posizioa. Desberdintasun hori kontuan izanik, ordea, erradiazio ez-ionizatzaileen akumulazioak giza-gorputzean izan ditzakeen efektuez ohartarazten dute 5Ga arriskutsua dela diotenek, metatze-efektu horren balizko ondorioez alegia.

Gaiari buruzko eztabaidak plaza publikoan jarraituko duela dirudi, beraz. Eta 5Ga martxan jartzeko lasterketa munduko potentzien eta enpresa handien artean eragiten ari den nahasmen guztiaren erdian, posible izango ote da ikuspegi zientifikoa bestelako interesetatik isolatzea?