argia.eus
INPRIMATU
Eroskiri Caparrosoko makrobehitegiko esnea ez dezala saldu eskatu diote Iruñean
  • Nafarroako Elikagaien Soberaniaren aldeko Mugimenduak deituta, joan den larunbatean 300 bat lagun bildu dira Iruñeko Felix Huarte plazan, Iturrama auzoan. Makroetxaldeen aurkako aldarria egin dute eta Eroskiri eskatu diote ez dezala saldu Valle de Odietako makrobehitegiaren esnea jasangarria zigilupean, eta "animalien ongizatea" zigilua erabiliz.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko apirilaren 19a

Azken hamarkadatan, Nafarroako nekazaritza politikek eredua aldatu eta abeltzaintza industriala ekarri dutela salatu dute: “Abeltzaintza produktibista, ukuiluratua, lurrarekiko loturarik gabea, ustiategi bakoitzeko mugarik gabeko animalia kopuruekin”. Horren ondorioz, makroetxaldeak asko ugaritu direla diote, “asko, azkar eta merke ekoizteko, kontuan hartu gabe zer ondorio duten ingurumenean, gizartean, ekonomian eta osasunean”.

Azken asteetan bolo-bolo dabil Caparrosoko behitegi erraldoia, besteak beste Nafarroako Gobernuak baimendu diolako 3.450 behitik 7.200era bikoiztea. Elikadura burujabetzaren aldeko mugimenduak azaldu duenez, makroetxalde hauek ondorio larriak eragiten dituzte ikuspegi askotatik. Honako hauek azpimarratu ditu:

Bat, energia kopuru handiak kontsumitzen dituzte, eta hondakin kopuru handiak ere bai, biodibertsitateari kalte handia eraginez; bi, ekoizle handiek bakarrik egin ditzaketen inbertsio handiak behar dituzte, “baina guztion artean ordaintzen ditugu, asko laguntzen baitira diru publikoarekin”; hiru, oso automatizatuta daude, eta oso enplegu gutxi eta prekarioa sortzen dute, ekoiztetxe txikiak desagerraraziz eta herriak hustuz; lau, lurrak berenganatzen dituzte, monolaborantza zabaldu –batez ere soja transgenikoak– eta ukuiluko animaliak baldintza tamalgarritan elikatzeko.

Osasunean eragindakoak ere aipatu ditu mugimenduak: “Osasun publikorako arrisku larriak sortzen dituzte, esaterako gaixotasunak eta pandemiak areagotzea; batik bat animaliak pilatzearen ondorioz, bai eta medikamentuak eta antibiotikoak gehiegi erabiltzearen ondorioz ere”.

Deia gobernuari, kontsumitzaileei eta gizarteari

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari eskatu diote trantsizio agroekologikoa susta dezala, eta exijitzen diote “Nafarroako Gobernuari nekazaritza eta abeltzaintza industriala laguntzeari utz diezaiola, eta makrogranja berriak geldiaraz ditzala”.

Kontsumitzaileei eskatzen diete egiazko kontsumo arduratsua eta bidezkoa egin dezatela, horretarako auzoko dendetan, ekoizleen merkatuetan edota kontsumo-elkarteetan erosiz hurbileko elikagaiak, elikagai agroekologikoak eta ekoizle txikienak. Eta gizarteari ere mobilizatzeko eskatu diote, “nekazaritzako elikagaien sistema globalizatu eta kapitalista hori geldiarazteko, izan ere, aurrekaririk gabeko krisi planetario eta humanoa eragiten ari baita; deia egiten dugu elikadura subiranotasunaren alde lan egiteko, bizitza erdigunean jarriko duen etorkizuna ziurtatuko badugu”.

Ahotsa.info-ren bideo honetan dira mobiliazioaren irudiak eta Gotzone Sestorainek emandako azalpenak: