argia.eus
INPRIMATU
Eroskik saltokiak salduko ditu
  • 2.500 milioi euroko zorra berriz finantzatzeko negoziazioa hasiko du bankuekin. Zorrari aurre egiteko estrategia komertzial berria hasiko du eta hipermerkatuak salduko ditu Espainiako Estatuko hegoaldean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko azaroaren 25
Eroskik Espainiako Estatuko hainbat tokitan dituen hipermerkatuak salgai jarriko ditu zorrari aurre egiteko (Arg.: El PeriĆ³dico)

Eroskik bere 22 banku hartzekodunei “birmoldaketa plan erasokorra” aurkeztu die, Vocentoren paperezko egunkarien hitzetan. Hala, Euskal Herrian, Katalunian, Galizan eta Espainiako iparraldeko zenbait eskualdetan egingo du indarra, supermerkatu txikiagoen alde. Espainiako hegoaldean berriz, saltokiak salduko ditu, oraindik balizko eroslerik ez duen arren, El Diario Vascoren esanetan.

Egun 2.000 saltokitik gora ditu banaketa kooperatibak eta 38.420 lagun ari dira bertan lanean, horietatik ia herena bazkideak dira. Mondragon Taldean enpleguari dagokionez pisu handiena duen enpresa da Elorriokoa.

Krisiaren aurretik higiezinen operazioetan –merkatalguneak– inbertsio handia egin zuen eta horrez gain Kataluniako Caprabo saltoki katea ere erosi zuen, hortik datorkio zorraren zati handiena. 

Eroskik salmentetan etekinak dituen arren, diru kopuru handia ordaindu behar izaten die bankuei zorragatik –iaz 121 milioi euro galdu zituen–. Adreiluak ematen dizkion problemak enpresa berri batean bildu nahi ditu orain.

Vozpópuli webgunean Eroskiren hartzekodun nagusiak zeintzuk diren zerrendatu dute. Hala, Santanderri zor dio diru gehien (450 milioi euro), gero BBVAri (430 milioi) eta La Caixari (320 milioi). Bankuekin hasi beharreko negoziaketek bat egin dute Fagor Etxetresnen krisiarekin, baina El Diario Vascoren arabera “Eroskiren arazoa oso ezberdina da”. Gauza bera azaldu dio Garari kooperatibako presidente Agustin Markaidek: “Guk etxeko lanak eginak ditugu”.

Alabaina, Noticias taldeko egunkariek Fagor eta Eroski lotu zituzten atzo euren titularretan, hori bai, oso mezu ezberdinarekin: La crisis de Fagor alcanza a un endeudo Eroski que solicita una nueva refinanciación a la banca dio Diario de Noticias de Alavak. Deiak berriz beste hau: Eroski busca alejar la sombra de Fagor y pide a la banca refinanciar su deuda millonaria. Barruko orrialdeetako testua berdina da ordea.

Bestalde, ekarpen subordinatuen jabe diren 40.000 lagunei 650 milioi euro zor die Eroskik. Ekarpenek kaltetutakoen plataformak blogean dio, zor dien dirua beste finantza produktu batzuengatik kitatzeko "psikologikoki" prestatu nahi dituela banaketa enpresak.