argia.eus
INPRIMATU
Eroskiren ekarpenen epaiketako hiru auzi jartzaile erretiratu dira
  • Eroskik jaulkitako eta BBVAk merkaturatutako ekarpen finantzarioen aurka demanda jarri du Adicae Banku, Kutxa eta Aseguruen Erabiltzaileen Elkarteak, 71 kontsumitzaileren izenean. Horietako hiruk erretiratzea erabaki dute.

ARGIA @argia 2014ko urtarrilaren 21a
Ekarpenetan inbertitutakoa itzultzeko eskatuko dute kontsumitzaileek.

Publizitate iruzurtia egiteagatik demandatu du Eroski Adicaek eta ekarpenen erosketa-kontratuak bertan behera uzteko eta beraz bezeroei produktu horietan inbertitutakoa itzultzeko eskatu dio BBVAri.

Lehengo astean, proposamena luzatu zien Eroskik ekarpenen jabeei: %30eko kitapena egitea, %15 esku-dirutan eta %55 hamabi urterako bono baten bidez. Ekarpenak dituzten kontsumitzaileak ordezkatzen dituzten elkarteek ordea (Adicaek barne) ez dute proposamena onartu. Bai ordea auzi jartzaileetako hiruk, Eroskirekin eta BBVArekin akordiora iritsi ostean.

Beraz, 68 pertsonaren izenean jarritako salaketarekin abiatu da epaiketa asteartean. Prozesuaren bultzatzaileetako bosten deklarazioekin osatuko da lehen saioa. Ondoren, BBVAko bulegoetako bi zuzendariren testigantza jasoko dute eta segidan, bost kontsumitzaileren lekukotza.

Adicaeko kide Francisco Javier Alvaradoren hitzetan, beste 700 kontsumitzaile baino gehiago daude Eroskiren eta ekarpenak merkaturatu zituzten bankuen aurka auzitara joateko prest, beste kontsumitzaile elkarte batzuen bidez.