argia.eus
INPRIMATU
Eroskik 109 milioi euroko etekinak izan ditu 2023an, aurreko urtean baino %70 gehiago
  • Mondragon taldeko banaketa kooperatiba baikor azaldu da 2023an izandako etekinekin; inflazioak eta kostuen gorakadak jotako testuinguru batean "sendotasunez" erantzun duela azaldu du. Espainiako Estatuan hedatzen jarraitzeko ahalmena eman dio horrek eta 74 supermerkatu eta frankizia gehiago ireki zituen iaz.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko maiatzaren 10
Eroski Espainiako Estatuko banaketa kooperatiba handiena da eta Hego Euskal Herrian nagusi da supermerkatu eta banaketa saltokien arloan. Argazkia: Eroski

Eroskik, Mondragon Taldean langile gehien dituen banaketa kooperatibak –ia 27.400 lagun– bere etekinak nabarmen igo ditu 2023an: 109 milioi euro irabazi zituen iazko urtean, aurrekoan baino %70 gehiago. Hala jakinarazi du Rosa Carabel talde horretako zuzendari nagusiak, Bilbon asteazkenean egindako prentsaurrekoan.

Datu esanguratsuak eman ditu Eroski taldeak: 5.729 milioi euroko salmentak (+%6,3), 331 milioi euroko EBITDA (+%18,21) edo 259 milioi euroko etekin operatiboak (%+26,96). Gainera, 74 supermerkatu eta frankizia berri zabaldu ditu eta Espainiako Estatuan gehiago hedatu da. Hala, erkidego ugaritan ditu saltokiak, Andaluzian, Balear Uharteetan, Katalunian eta Galizian, besteak beste.

"Lan bikaina egin dugu inflazio aldi honetan", nabarmendu du Carabelek. Banaketa kooperatibako arduradunen esanetan 2023an inflazioak ez du etenik izan eta saiatu dira horrek bere bezeroei ahalik eta gutxien eragin diezaion: "Merkatuari 384 milioi euroko aurrezkia transferitu dio", diote, eskaintza eta deskontuei erreferentzia eginez.

Bestalde, azaldu dute Eroskik eta bere fundazioak gizarte ekintzara 23 milioi euro bideratu zituela iaz.

Eroskik zailtasunak izan ditu azken urteetan, bai 2020an pandemiaren ondorioz, zeinean galerak izan zituen, baina batez ere Capraboren erosketak eragindako zorraren ondorioz. Zor horren zati bat aldez aurretik amortizatu ahal izan du eta hartzekodunei 671 milioi euro ordaindu behar dizkie orain –duela hamarkada bat zor hori 2.500 milioi eurokoa zen–.

Biltegiko langileen borroka

Lan harremanetan ere izan ditu gorabeherak Elorrion egoitza duen kooperatibak 2023an. Biltegian Cecosa enpresak azpikontrataturiko langileek greba abiatu zuten abenduan, lan baldintza eskasak zirela eta: "Zortzi orduak zenbatzea nahi genuen, soldata-arloa handitzea, Bizkaiko elikagaien merkataritzaren hitzarmena aplikatzea, laneko osasun eta prebentzio neurri eraginkorrak..." azaldu zioten hedabide honi.

Hala, hainbat greba egunen ondoren akordioa egin zuten enpresarekin eta, hainbat hobekuntzez gain, soldata %22 igotzea lortu zuten, ELA sindikatuaren esanetan.