argia.eus
INPRIMATU
Eroski, Fagor, Mondragon Taldea eta bankuak
  • Mondragon Taldea arazo oso larri baten aurrean dago, eta ahalik eta hoberen konpondu beharko du, ez badu hondamendi bat sortu nahi: milaka enplegu galdu eta euskal produkzio sarearen nukleo gogorra deuseztatzea.

Juan Mari Arregi 2014ko urtarrilaren 30a
"Aurreztaileen eskaerak asetzeko eta Mondragon salbatzeko, beste irtenbide batzuk pentsatu behar dira, eta agian banku eta kutxek ere Eroskik haiekin duen zorraren zati bat kitatu beharko dute". (Argazkia: TU Lankide)

Arazoa jada ez dira soilik Fagor Etxetresnek ordainketak etetea eta Eroskik duen 2.500 milioi euroko finantza zor erraldoia. Arazoa larritu egin da, Eroski eta Fagorren menpeko ekarpenak erosi zituzten 40.000 aurreztaile txiki daudelako; 845 milioi euro, zehatz esateko. Eta egoera are gehiago nahasi da, Bilboko auzitegi baten sententziak aurreztaile horiei dirua itzultzeko atea ireki duenean.

Eroskik eta finantza erakundeek aurreztaile horiei zorra ordaintzeko egin dien behin behineko proposamenak –zorraren %30 kitatzea, %15 diru-likidoan kobratzea eta gainerako %55a 12 urteko bonotan inbertitzea– ez ditu ekarpenen jabeak konbentzitu. Proposamen hori hobetu ezean, aurreztaileek bide judizialari ekingo diote, eta badakigu zein izango den epailearen hemendik aurrerako irizpidea. Laboral Kutxak aurre egin diezaioke bere ardura zatiari? Mondragon Taldea egoera horri erantzuteko gai izango da? Eurak bakarrik, badirudi ezetz.

Testuinguru horretan, aurreztaileen eskaerak asetzeko eta Mondragon salbatzeko, beste irtenbide batzuk pentsatu behar dira, eta agian banku eta kutxek ere (BBVA, Santander, Laboral Kutxa, Kutxabank, La Caixa, Popular, Sabadell…) Eroskik haiekin duen zorraren zati bat kitatu beharko dute. Urte guztiotan, aberastasuna egon denean, erakunde horiek etekin ugari lortu dituzte Mondragon Taldearen operazioen bidez. Orain, urritasuna etorri denean, egoera larri hau konpontzen lagundu behar lukete, zorraren zati bat kitatzea onartuz. Hala, aurreztaileen eskaerei aurre egiteko gai izango litzateke Eroski, eta Mondragonek lanpostuak mantenduko lituzke, Euskal Herriaren zerbitzurako aberastasuna sortzen segituz. Mondragonek autokritika egin behar du, baina ezin du porrot egin. Euskal Herriarentzat hil ala bizikoa da.