Kriminalizazio praktikak barra-barra erregistratu ditu AMUGE elkarteak Bizkaiko supermerkatu eta merkataritza-zentroetan egin duen ikerketa baten bidez. Egunero bizi dituzten umiliazio publikoen berri eman nahi izan dute, aurkitzen duten babesgabetasun juridiko eta soziala salatzeko.
Imajina ezazu zure ahizparekin zoazela supermerkatura. Sartu bezain pronto, mesfidantza begiradak eta txutxu-mutxuak sumatu dituzue. Segidan konturatu zarete langile bat duzuela atzetik jarraika, pasilloz pasillo. Perfumeen apalategietara heldu zaretenean, errefortzuak eskatu ditu megafonia bidez. Ondoren, urdaitegira jo duzuenean, urdaiazpikoa kendu dute erakusmahaitik. Hogei minutu baino ez daramazue dendan, baina langileak gero eta urduriago daude. “Hemen jarraitzen dute?”, esan dio batak besteari. Amesgaiztozko eszena hori eguneroko ogia da emakume ijitoentzat, AMUGE elkarteak salatu duenez. Ikerketa antolatu dute sistematikoa den kriminalizazioa argitara emateko.
Bizkaiko hamabost supermerkatu eta bost merkataritza-zentrotan bisitak antolatu dituzte urriaren 26 eta azaroaren 15a bitartean. Testing izeneko metodologia jarraituz, kopuru eta adin tarte bereko bi boluntario talde sartu dira aldi berean establezimendu bakoitzean: bat emakume ijitoz osatua eta bestea emakume zuriena. Behatzaile independenteak ere sartu dira haiekin, lekuko moral gisa. Produktuak naturaltasunez begiratu, probatu eta erosi dituzte batzuek zein besteek. Bisitatutako hogei establezimendutik hamaseitan ijitoen aurkako tratu diskriminatzailea egiaztatu dute, hau da, laginaren %80a. Are gehiago, bisita-egun guztietan eta parte hartu duten hamalau ijitoen aurkako gorabeherak erregistratu dituzte, audioz eta bideoz. Jazarpena izan da gehien errepikatu den kriminalizazio-praktika, baina baita ere ahozko akusazioak, txutxu-mutxuak eta iruzkin iraingarriak, urduritasun adierazpenak eta errefortzu eskaerak. Partaideak arropa-denda ezagun bateko aldageletara sartu zirenean, dendariak boluntario ijitoaren poltsa baino ez zuen eskanerretik pasa.
Lekuko moral gisa hartu du parte Goizalde Landabaso kazetariak testing-ean. Bilboko supermerkatu batean honako oharrak hartu ditu: “Hasieratik izan zuten langile bat atzetik. Emakume ijitoak nora, langilea hara. Une batean, langile batek beste batzuei esan zien buelta bat eman zezatela, ea zerbait falta zen ikusteko”.
Arazoa ez da soilik langileek ijitoen kontrako aurreiritziak izan ditzaketela, baizik eta ijitoak espresuki zelatatzeko jarraibideak jasotzen dituztela
Boluntario zuriek, ordea, lasai asko egin ahal izan zituzten erosketak denda guztietan. Are gehiago, batek baino gehiagok adierazi du ezikusia sentitu dela, langile guztien arreta emakume ijitoengan jarrita zegoelako. Behatzaile bati zera esan zion kosmetika denda bateko saltzaileak, boluntario ijitoei begira: “Barkatu, ezin zaitut ondo artatu, bazterrak nahastera etorri dira”. “Pribilegiatua, tratu-desberdintasuna agerian ikusi dudalako”, idatzi zuen boluntario zuri batek supermerkatu batetik ateratzean, "Nola sentitu zara?" galderari erantzuteko orduan.
Ikerketan, bi egunetan hartu du parte AMUGEko bazkidea den Sheila Aguilarrek eta ez du sorpresarik hartu jasotako tratuarekin. “Egunero bizi dugu. Txikitatik jazartzen gaituzte. Erosketak egitera joateak estresa eragiten digu. Horregatik nahiago dugu merkatu txikira baino ez joan, hor lasai eta libre ibili gaitezkeelako”. Ohituta egoteak ez du esan nahi mingarria ez denik. Testing-ean "errealitatean" bizi duten amorrua, ezintasuna eta lotsa sentitu dutela adierazi dute boluntario ijitoek.
Diskriminazioa egiaztatzeko proba enpirikoa da testing-a, Amerikako Estatu Batuetako establezimendu publikoetan arraza-segregazio politikak agerian uzteko garatu zena, pasa den mendeko 50-60ko hamarkadetan. Funtsean, antzeko pertsona-taldeek jasotako tratua alderatzean datza, horien arteko alde bakarra aztertu nahi den diskriminazio ardatza delarik: generoa, arraza- edo etnia-jatorria, desgaitasuna, eta abar. Ordutik, ikerkuntza sozialean nahiz aktibismoan erabili izan da Europan ere.
Metodologia honetan oinarritutako salaketa publikoak eta judizialak egiten eskarmentu handia duen Frantziako SOS Racisme elkarteak 2011n Europako hainbat erakunderi proposatu zien, gau berean, parranda giroan, testing-a antolatzea. Hala, urte horretako martxoaren 4tik 5era bitartean, Bizkaiko SOS Arrazakeriak Bilboko Urkijo eta Mazarredoko tabernetara bisitak antolatu zituen: bikote zuri bat sartu zen taberna bakoitzera eta jarraian jatorri desberdinetako hiru bikote arrazializatu, denak gizonezkoak. Atezainen jokabidea diskriminatzailea izan zen bederatzi pubetatik zortzitan, bereziki bikote magrebtarrekin. Zenbait dantzalekutan, bikote arrazializatuei sarrera ukatu zieten, aitzakiak jarrita –esaterako, festa pribatu bat ospatzen ari zela–; beste batzuetan etorkinei baino ez zieten kobratu sarrera. Geroztik, Bizkaiko eta Gipuzkoako SOS Arrazakeriak metodologia horretaz baliatu dira higiezin agentzietan, diskoteketan eta interneteko lan eskaintzetan ematen den diskriminazioa argitara emateko.
2019ko urrian, Bilboko Zubiarte merkataritza-gunean gertatu zitzaiona publikoki salatu zuen AMUGE elkarteak: zinematik irten zirenean, hamahiru neskato adin txikikok eta hiru hezitzailek bi segurtasun-zaindariren jazarpena pairatu zuten. Bizkaiko SOS Arrazakeriako kideek testing bat antolatzea iradoki zioten emakume ijitoen elkarteari, jokabide kriminalizatzaile hori orokortua dagoela gizarteratzeko.
Zubiarteko gertakariaren ondorioz ohartu zen AMUGEko lantaldea emakume ijitoek eguneroko diskrimazio mota horren aurrean bizi duten babesgabetasunaz. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako diskriminazioaren kontrako Eraberean sarera jo zutenean, halako salaketek ibilbide judizialik ez dutela erantzun zieten. Alegia, Espainiako Zigor Kodearen 510. artikuluak (gorroto-delituei buruzkoak) ez dituela horrelako eguneroko egoerak aintzat hartzen. “Erreklamazio-orriak betetzea dugu tresna bakarra, baina ez du ezertarako balio”, adierazi du AMUGEko arduraduna den Tamara Claveriak. Halaber, segurtasun-enpresari kexa idazkia bidali zieten, baina ez zuten erantzunik jaso.
Espazio publikoan arraza edo etnia profilaren araberako kontrolak egitea legez kanpokoa dela ebatzi zuen Nazio Batuen Erakundeak, Rosalind Williams izeneko emakumearen auzian. Williamsek 1992an salatu zuen Valladoliden poliziak kalean identifikatu zuela soilik beltza izateagatik eta hamazazpi urteko borroka judizialean Espainiako auzitegiek ez zuten onartu jokabide hori arrazista zela. Halere, kontrol arrazistak errotuta daude ez bakarrik polizien jardunean, baita ostalaritzan eta merkatal guneetan ere.
Claveriaren esanetan, testing-aren emaitzak zabalduz lortu nahi dutena da ijitoen kontrako eguneroko praktika horiek ekiditeko eta erreparatzeko neurri positiboak bultzatzea. Izan ere, arazoa ez da soilik langileek ijitoen kontrako aurreiritziak izan ditzaketela, baizik eta ijitoak espresuki zelatatzeko jarraibideak jasotzen dituztela. “Saltokietako eta segurtasun enpresetako langile eta arduradunen prestakuntza behar-beharrezkoa da, begirada antiarrazista izan dezaten”, nabarmendu du. Halaber, pertsona zuriak kontzientziatu nahi ditu AMUGEk, ijitoen kontrako jazarpena ikusten dutenean, “‘Zerbait egingo zuen’ pentsatu ordez, bidegabekeria identifikatu eta gure alde egin dezaten”.
Merkataritza sektorean emakume ijitoak bezero gisa barik, susmagarri gisa tratatzeko joeraren iturburua iruditeria kolektiboan oso errotuta dagoen arketipoa da. “Eraikuntza historikoa dugu, interes ideologiko eta politikoei erantzun diona. Miguel de Cervantes eta Victor Hugo bezalako sortzaileek mendeetan indartu dute lapurrak garen estereotipoa. Egin ez ditugun delituak guri leporatzea ijitoen aurkako politikak justifikatzeko estrategia izan da”, azaldu du Claveriak.
Testing-ean argi geratu da dendariek disimulu barik zelatatu dituztela boluntario arrazializatuak, baita haiei buruzko komentario eta keinuak egin ere, batzuetan boluntario zurien konplizitatea bilatuz. “Haien argudioa izango da lapurtu duten emakume ijito askoren kasuak izan dituztela, baina zenbat pertsona zurik lapurtzen dute dendetan? Ezin dute jakin, herritar zuriak ez dituztelako kontrolatzen”, erantzun du ekintzaileak.
Boluntario ijitoen testigantzek agerian utzi dute halako umiliazio publikoak estresa eragiten diela, haien autoestimua kaltetzen duela eta parte-hartze soziala mugatzen duela. Gaztetatik dakite ezin dutela bolatokira edo zinemara lasai joan, hobe dutela auzoan geratu. AMUGEko arduradunaren esanetan, eskolan, lan munduan edota osasun-sisteman ere bizi duten etengabeko aurrejuzguak aukera gutxi uzten dizkie: “Gure identitateari uko egitea, lagun zurien babespean ibiltzea edo jendarte zuriak eraiki duen estereotipoa barneratzea eta betetzea”.
Leioako zentro komertzialera joan ziren Sheila eta Desi, testing-ean parte hartu duten ijito gazteenak. Hainbat kosmetika dendatan tentsio egoerak bizi ondoren, arropa denda ezagun batera sartu ziren. Behatzaile gisa joan den eta kronika hau sinatzen duen kazetariak entzun du saltzaile batek belarriko entzungailuaren bidez segurtasun langilea etor dadila eskatzen. Bitartean, beste hiru saltzaile deitu ditu eta txutxu-mutxuka hasi dira, bi neskei begira: “Baina zergatik zaude hain urduri?", "Nik ezin ditudalako kontrolatu", "Lasai egon, neska, ez da zure lana, laster etorriko dira”. Segurtasuneko hiru langile gizonezko heldu dira; bat dendara sartu da eta beste biak atean geratu dira, emakume ijitoen zain. Sorpresa handia hartu dute boluntarioek emakume zuriz osatutako taldearekin bat egiten dutela ikusterakoan. Desik adierazi du desengainu handia hartu duela, bortizki diskriminatua izan delako. Biharamunean AMUGEko langileei kontatu die preso zegoela amets egin duela.