argia.eus
INPRIMATU
Erorikoen monumentua eraistea eskatu dute Iruñean
  • Memoria historikoaren aldeko hemeretzi eragilek bat egin dute, Askatasunaren Plazako eraikina eraisteko eskatzeko. “Ezinezkoa da frankismoaren monumentu honi nortasun berri bat ematea”, azaldu dute.

Euskalerria irratia @fm983irratia Haritz Pascual Garjon 2024ko otsailaren 13a

Iruñeko Udal Gobernu talde berriak berreskuratu du Carlos III.aren etorbidearen amaieran dagoen eraikinaren gaineko eztabaida. Aurreko legegintzaldian UPNk kaxoi batean gordeta utzi zituen eztabaidaren konponbiderako proposatutako irtenbideak. Eskuinak ez du erorikoen eraikina ukitu nahi. Joseba Asironen aginte taldeak aldiz, behin betiko konpondu nahi du afera.

Testuinguru honetan, memoria historikoaren alde lan egin duten eragile eta frankismoak fusilatutako nafarren senitartekoen taldeek bat egin dute, eraikina eraistearen alde egiteko. “Eraikin hau ez dago aldatzerik, ezin zaio nortasun berria eman” azaldu dute, “Urte asko daramatzagu eraikin honen gaineko erabakia atzeratzen dela ikusten eta monumentua, Nafarroako Memoriaren legearen kontrakoa da”. Borondate politikoa egonda, eraikina eraistea posible dela aldarrikatu dute.