argia.eus
INPRIMATU
Erorien monumentua eraistearen aurkako pintaketa faxistak egin dituzte Iruñeko Alde Zaharrean
  • Joseba Asiron alkatearen aurkako irainak margotu dituzte EH Bilduren egoitza batean.

Euskalerria irratia @fm983irratia Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko apirilaren 26a

Gaur goizaldean, Erorien Monumentua eraistearen aurkako pintaketa faxistak egin dituzte Iruñeko Alde Zaharrean. Zehazki, San Frantzisko plazako kioskoan, haren parean dagoen lokalean eta Aduanaren txokoko EH Bilduren egoitzan.

San Frantziskon, “Caidos no se toca” (Erorien monumentua ez uki) leloa idatzi dute hormetan, bi lelo frankistarekin batera: “Arriba España” (Gora Espainia) eta Elkarte Tradizionalista Karlistak erabili ohi zuen “Viva Cristo rey” (Gora Kristo errege). Espainiako Falangearen uztaia eta geziak ere margotu dituzte.

Aduanaren txokoko EH Bilduren egoitzan ere Erorien Monumentuaren eraispenaren aurkako lelo bat margotu dute, gurutze svastika batekin batera. Alboan, Iruñeko alkatearen aurkako irain bat idatzi dute, “Asiron narizon” (Asiron sudur handi), eta Daviden izarra margotu diote ondoan.