argia.eus
INPRIMATU
Ernalkuntza lagundua lesbianei baita bikotean ez diren emakumeei ere zabaltzearen alde egin du Frantziako Legebiltzarrak
  • Bioetika legea hirugarren aldikoz bozkatu du Frantziako Legebiltzarrak eta alde agertu da gehiengoa: 84 alde, 43 kontra eta hiru abstentzio. Ekainaren 24an bozkatuko dute berriz ere senatariek.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko ekainaren 10a

Ekainaren 9ko gauean burutu bozketan bioetika legearen alde bozkatu dute Frantziako Legebiltzarreko gehienek: 84k alde egin dute, 43k kontra eta hiru abstenitu dira. Hirugarren aldikoz bozkatu dute gobernuaren lege-proiektua, prozedura legegileari segi, senatariak eta diputatuak testu berari buruz direlako posizionatu behar, hots, emendakinen bidez testua moldaturik baldin bada berriro bideratu behar izaten dute bozketa.

Hori horrela, eztabaida gehien sortzen duen neurria pasa da: bikotean diren emakume heterosexualen gisara, lesbianek eta bakarrik bizi diren emakumeek ukanen dute ernalkuntza lagundua jasotzeko eskubidea; eta Gizarte Segurantzak ordainduko die guztiei.

Oroit gara otsailean senatariek bioetika legea ez zutela bere horretan bozkatu: atzera bota zuten bikotean ez ziren emakumeek ernalkuntza lagundua jasotzeko aukera, eta nahiz eta lesbianentzat onartu, Gizarte Segurantzak gastuak ordaintzeko bidea haatik moztu zieten.

Ekainaren 24ean berriz ere bozkatua izanen da bioetika legea Senatuan eta ondotik, ekainaren 29an Legebiltzarrak du berriz ere bozkatu beharko.

Transgeneroak diskriminaturik

Orain arte bezala, transgeneroek ezingo dute ernalkuntza lagundua bideratu, diputatuek baztertu dutelako aukera. Ondoko neurrien aurka agertu dira ere: post-mortem ernalkuntza lagundua, hots, hildako bikotearen gametoekin ernalkuntza bideratzeko aukera; baita bi emakumeek obozitoak elkarri emateko aukera ere (ROPA izenez ezaguna den teknika).

Legea aitzina baldin badoa, orain arte ez bezala, esperma emailearen identitatea edota honi buruzko datuak jasotzen ahalko ditu umeak hemezortzi urtetatik goiti (adina, ezaugarri fisiko batzuk ala beste). Eztabaida handiak sortu dituen aldaketa da azken hau, esperma emailearen anonimotasunaren bukaera dakarrelako legeak.

GPA edo haurdunaldi subrogatu bidez atzerrian sorturiko umearekilako filiazioa aitortua izanen zaie bikoteko biei, haurdunaldi subrogatuan agertzen ez den pertsonak adoptatzen baldin badu umea. 2019an Frantziako Kasazio Gorteak harturiko erabakia baino gogorragoa dute beraz lege-proiektuak dakarren bidea. Hain zuzen, 2019an Justiziak erabaki zuen gurasotasuna bikoteari aitortzea, ez eta aita biologikoari soilik.